Uholdeak eta Erdi Aroko hirigintza

Zaharrak berri. Egunotan jazotakoak urteroko kontu berdina ekarri digu albistegietara. Ibaiek gainezka egin dute berriz ere, eta kazetariek ohiko lekukotza-errituala igorri digute: urak hartutako behe-solairuak,  lokaztutako kotxeak eta jendearen aldarrikapenak politikoek ibaiak behingoz dragatu ditzaten.

2009ko urtarrileko uholdeak Algortan. / ukberri.net

Urtarrileko azken aste honetako Kalaka saioak ere tartetxo bat eskaini zion arazoari. Bertan ikusi ahal izan genuen solaskide gisa Donostiako Arkitektura Eskolako irakasle bat. Haren esanetan, Erdi Arotik datorren buruhaustea dugu hiri-uholdeena, garai hartan jada hiribilduak ibaien ertzetan sortzen baitzituzten. Hala izango da kasu batzuetan, baina ez nator guztiz bat adierazpen horrekin. Oro har, Erdi Aroko euskal hiribilduak lurraldean primeran ezarri zituztelakoan nago, besteak beste estrategia militarra zela eta. Arazoa azken hamarkadetako hirigintza-garapenkerian dagoela esango nuke, hain zuzen. Azter ditzagun Euskal Herriko uholde-toki ohikoenak.

Mediterranear isurialdea
Zadorra ibaiak sortu ohi ditu arazoak Araban, Iruña Okako meandro ikusgarrian batez ere, Billoda eta Tresponde herrien parean. Herri horietarako sarbideak urak sarri hartu ditu, herritarrak ordu luze batzuez isolatuz. Hala ere, herri horien alde zaharrak ez dira inoiz urpetu, ibaiaren mailatik nabarmenki gorago baitaude (Trespondekoa hamabost metro altuago eta Billodakoa hogei bat metro garaiago).


Uribarri Ganboako urtegiaren uhateen irekiera 2009ko urtarrilean. / EFE

Gasteizko iparraldean eta Arratzu-Ubarrundia udalerriko hainbat herritan ere izaten dira uholdeak, baina haien zioa, Erdi Aroko hirigintzan baino, Uribarri Ganboako urtegian bilatu beharra dago. Kasu horretan, gehiengoaren ongizatea bermatzeko hori esaten zaigu, bederen gutxi batzuen hondamendia onartzen da.

Iruñeko iparraldean, halaber, Arga ibaiaren ertzeko auzoak aldiro urpetzen dira, Arrotxapea eta Txantrea, kasu. Alabaina, ura ez da inoiz heldu alde zaharreko burguetara, horiek muino batean estrategikoki sortu zituztelako, Erdi Aroa baino askoz ere lehenago, dena esanda. Nabarreria zaharra Txantrea baino hogei bat metro garaiago dago.


2003 eta 2006ko irudiak. Argaren bazterrak, urpean; Nabarreria, lehor.

Kantauriar isurialdea
Euskal Herriko iparralde geografikoak bailara estuak eta laburrak ditu orokorki. Ibaiek, hortaz, ur-emari esanguratsuak daramatzate aldiro, iturburu-mendiak itsasotik gertu daudela. Kantauriar isurialdea, gainera, malkartsua da oso, lurralde lau bakarrak bailaren hondoak direla, hau da, ibaien bazterrak. Horrekin erlazionatuta iparralde geografikoaren hiri-dentsitate demasa dago, Bizkaian, esate baterako, 500 biztanle kilometro koadroko baino altuagoa dena, kopuru izugarri handia. Ez da kasualitatea azken boladako uholderik handienak Bilboaldean gertatzea Alonsotegin, Basaurin, Bilbon, edota Getxon, gunerik bete eta dentsoenean, alegia. Bertako gune urperagarri ia guztiak gizakiak jada okupatu ditu. Hala ere, hirigune horietako alde zaharrak urpean inoiz ikusi al ditugu? Bakarrik Bilboko kasuan erantzun daiteke baietz, nahiz eta kasu horretan esan beharra dagoen Bilboko alderik zaharrena Bilbo Zaharra edo Done Frantzisko ez dugula inoiz urak hartuta ikusi.


Bergararen urperagarritasuna. Gorriz, 10 urtero urperatzen diren lurrak; horiz, 100 urtero urperatzen direnak; urdinez, 500 urterokoak; berdez, hiribildua. / Egileak egina URAren kartografian oinarritua


Arrasateren urperagarritasuna. Bi ibaien lotunean izanagatik Deba eta Aramaio, Erdi Aroko hiribildua (berdez) uholde-eremuetatik at dago. / Egileak egina URAren kartografian oinarritua

Gipuzkoan berdina hauteman daiteke. Astigarragan, Bergaran edota Hernanin izaten dira uholdeak urtero, haien alde zaharrak kenduta. Zenbait Udalak ibaiak bideratzeko planak martxan jarri badituzte ere, esan beharra dago ubideratze guztiek ez dietela ibaiei mesederik egiten, haiek ere hazteko tokia behar dute eta. Hormigoizko eustormak eraiki baino, askoz hobe ibaiarenak diren lurzoru horiek beteko ez bagenitu, areago hainbeste etxe huts egonik. Azken finean, euskal atsotitzak dioen moduan, urak eginen du bide.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude