Bioklimatikaren komeriak

Estetikak eta funtzionalitateak binomio bereizezina osatu beharko lukete arkitekturaren munduan. Sarritan, gehiegitan, ez da horrela. Azkenaldian, gainera, funtzionalitatearen haizatze merke bat dabil profesioan, batez ere iraunkortasunaren gaiaren inguruan.

Horren adibide argi bat azter dezagun.

Gasteizko Salburuako 8. sektorean babes ofizialeko lau dorre eraiki zituen duela hiru urte Madrilgo arkitekto-bulego entzutetsu batek. Hasieratik aldarrikatu zuten arkitektoek euren 118 babes ofizialeko etxebizitzetako dorreak bioklimatikoak zirela. Eszeptizismoz hartu beharreko adjektiboa, batez ere ekomonumentaltasunaz eta materialtasun hibridoaz hitz egiten duten arkitekto batzuengan.

Hala ere, onartu beharra dago zaila dela ezeptizismoa mantentzea politika eta kazetaritzaren aparatuak erabat hartzen direnean.

Horra hiru zertzelada: Hasteko, eta eraiki bezain laster, proiektua non eta MOMAn erakutsi zen; jarraitzeko, EHAEko Arabako lehendakariak proiektua publikoki goretsi zuen; eta bukatzeko, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Sustatzaile Publikoen Euskal Elkarteak (AVS Euskadi) sari bat eman zien 2009ko urtarrilean.


Bioklimatikoak omen diren lau dorreetako bi. / Asier Sarasua Garmendia (CC-BY-SA)

Errealitatea, berriz, estaltzen zaila da, areago erasandakoak 118 familia direnean.

Kritika bakarrak diseinu bioklimatikoa pairatu behar dutenen ahotik datoz. Azkenean publikoki argitara moduan, dorreetan bizi diren egoileak ez daude ados eraikinen balizko bioklimatikotasunarekin. Antza, energetikoki efizienteak ziren polikarbonatozko fatxadak ez dira egokienak Gasteizko klimarako, non udan bero handia egiten duen, eta neguan dezenteko hotza. Bizilagunek esaten dute neguan ezinezkoa dela 14ºC baino gehiago lortzea etxebizitzen barnealdean (berogailuak topera edukita ere), eta udan nahikoa dela kanpoaldean 21ºC izatea etxean 29ºC edukitzeko.

Agi denez, pertsiana ez da hain asmakizun txarra, eta orain, eraiki eta hiru urte geroago, eta hainbat sari jaso ondoren, 2.000 euro baino gehiago ordaindu beharko da pertsiana bakoitzeko. Eta denok badakigu nortzuk ordainduko dituzten (ditugun), eta nortzuk ez.

2 Comments

  1. ‘Bioklimatiko’ hitzarekin batera ‘eko-‘ ere oso modan dagoen aurrizkia da. Lehengoan konturatu nintzen Pasaian (edo hobeki esanda, Jaizkibel gune babestuan) eraiki nahi diguten hori ‘ekoportua‘ dela, eta orduan pentsatu nuen:- a bueno, eko bada, orduan arazorik ez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude