Azken boladan Espainia eta Frantziako estatuen arteko azpiegituren aurkako berriak datoz Ipar Euskal Herritik. Azkena, Iruñea eta Biarnoko Saliese lotu behar zituen errepidearen ingurukoa dugu:
«La Transnavarraise: c’est définitivement TERMINE…».
Horrelaxe eman du berria Frantxoa Maiteak bere web gunean. Pirinioez gaindiko autobidearen proiektuak azken hatsa emana du, beraz. Uda osoan zehar gozatzeko berria, askoren ustez, batez ere proiektuaren aurka ia hamabi urtetako borrokan ibili direnentzat.
Gorriz, autobidearen balizko ibilbideak / Egileak marraztua (oinarri-mapa: Asier Sarasua Garmendia)
Nafarroako Gobernuaren eta Kontseilu Nagusiaren arteko lehen kontaktuak 1997an izan ziren. Autobidea 120 kilometro luze izango zen. Hasiera batean lau errei zituen —hortik 2 x 2 ezizena—, baina aurkako jarrerak ikusita hiru erreietara txikitu zuten azken proiektuan. Aitzitik, kritikak ez ziren apaldu.
Baxe Nafarroa erdibituko lukeen egitasmoaren kontrako 10.000 sinadura bildu zituen Leia elkarteak —1998an sortua—, baita manifestazio jendetsuak antolatu ere. Horrekin batera, faktore ezegonkortzaile garrantzitsua izan zen alkate askoren bermea autobidearen aurkako borrokan.
Autobidearen aurkako manifestazio jendetsua Donapaleun, 2006an / Bob Edme
Bitxia da Nafarroa Garaitik asfaltozko alfonbraren aurkako boz gutxi entzun direla. Badirudi baxenafarrek, eta oro har Ipar Euskal Herriko bizilagunek, ez dutela Hego Euskal Herriko mugikortasun-eredu garapenzalea gustuko. Bejondeiela, zinez.
Hala ere, airean gelditzen den galdera zera da: Nafarroa Garaiko gobernuak aurrera jarraituko al du proiektuaren zati batekin? Izan ere, Baxe Nafarroako errepide-tartea egon badago, abiadura handiko autobidea ez bada ere… Abiadura dezente handiko errepidea izango al dugu ere bai?
One Comment