BMW Welt: Arkitektura, boterearen adierazle

Harrigarria da Municheko BMW Welt izeneko eraikin berria, COOP Himmelb(l)au arkitektura-bulego austriarrak kotxe-etxe alemaniarrarentzat diseinatu eta eraiki zuena duela bi urte eskas.


Ezkerrean, BMW Welt eraikin berria; eskuinean, BMW-ren egoitza-dorrea, 70. hamarkadako hasierakoa / Egilearen argazkia

Bertan luxua da nagusi: Barnealdean berez kanporako diren materialeak, LCD-moduko pantailak nonahi, grabitatearen legea desafiatzen duten pasaguneak, fikziozkoak diruditen argi-fokuak eta, argi dago, BMW-ren kotxe eta motorik txundigarrienak.


Eraikinaren barne espazio handi eta Piranesiarra / Egilearen argazkia

Arraroa da. Etorkizunean kokatutako filme batean bezala sentitzen zara Himmelb(l)au
bulegoaren eraikinean. Sentsazio hori ez da bakarrik arkitektura formalistak
sortua. Zientzia fikziozko soinu-banda itxurako musika sofistikatua
entzuten da une oro, seinaleztapena berezia da oso, gadget elkarreragileak daude nonahi.


Pasaguneak kanpoa eta barnearen arteko muga hausten du / Egilearen argazkia


Pantailak, arrapalak eta kabrioletak / Egilearen argazkia


Grabitate-potentzial itxurako estalkiaren xehetasuna / Egilearen argazkia
 
Eraikinaren helburua bisitaria harritzea da, BMW kotxe-marka soil bat
baino gehiago dela erakustea, hau da, esperientzia bat dela, ia-ia
bizitzeko estilo bat. BMW Welt eraikina ez da ikusten; esperimentatu
egiten da.

Horixe izan da beti Arkitekturaren (letra
larriarekin) zeregina, alegia, boterea adieraztea. Kasu honetan, boterea
ez da politikoa (ziur?), iraganean gerta zitekeenez, ekonomikoa baizik.

Enpresa batzuek oraindik sinisten dute arkitekturaren ahalbidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude