Bilboko Erriberako merkatuaren obra ez da zaharberritze hutsa, anastilosia baizik. Hau da, berreraikitze ia-ia arkeologikoa. Bota dutena, berdin-berdin berreraikiko omen dute. Berdin-berdin? Hori posible al da? Edo, beste era batera esanda, hori zilegi al da?
Merkatuaren “birmoldaketa”, irailaren bukaeran / Rebax
Soilik dorretxoak eta Mesedeetako absidea utzi dituzte zutik, atal horiek baitira onik dauden bakarrak, adituen ustez. Gainontzekoa eraitsi dute, salaketak gorabehera, ondoren berreraikitzeko. Hala ere, berreraikuntza ez da osoa izango, azkenean San Antongo absidea ez baitute berreraikiko.
Erriberako merkatua, 1927ko Pedro Ispizuaren eraikina egin baino lehen
Itxura eta simulazioaren gizarte honetan lan mota paradigmatikoa dugu anastilosia eta berreraikuntza mimetikoa. Horren adibide ezagunena 1929ko Mies van der Roheren Alemaniako pabiloia izan zen, 1986an zehazki berreraikia. Hura bisitatzerakoan sentsazio arraroa du batek, 1:1 eskalako maketa baten aurrean egongo bailitzan.
Benetakotasunak ez al du axola?
Ados, orokorrean, diozunarekin, ñabardura batekin. Ez dut uste jarri dituzun bi adibideak konparagarriak direnik. Mies van der Roheren pabilioia arkitektura teoria baten adibide esanguratsu gisa ulertzen dut nik, non eraikinak eraikin gisa du garrantzia (Atenseko partenoiarekin gertatzen den bezala, barkatu konparazioa;). Kasu horretan anastilosia zilegi ikusten dut. Bilboko merkatuaren kasuan, ordea, zilegi-zilegi bada, baina oso pedagogikoa ez da, egia esan…
mmm…a ze gai mamitsua…hortik pasatzen naiz sarritan, ta oraindik ere ez dakit zer pentsatu. Alde batetik, urte luzeetan zehar Bilboko udalak XIX. eta XX hasierako ondare industrialarekin izan duen kudeaketa axolagabearen eredua da (Santa Ana Boluetan, adibidez, hor gelditu zaigu bere tximinia luzea hildako baten kaskezurra moduan). Gure zoru industrialak eman digun arkitektura bikaina duda izpirik gabe izan da eraitsia. Noski, hori ez zen arkitektura “polita”, eta Erriberako merkatuaren kasua adibide polita izan da. Zergatik ez bota? Batzuk bai eta beste batzuk ez? Egungo arkitekturan oso gutxi konfidatzen dugu, hori seguru (arrazoi osoz, bestalde. Donostiko San Martin merkatua edo La Brecha-ko eraikin berriak zaharberritzean -edo berreraikitzean- egin daitekeen barrabaskerien adibideak dira). Dena den, Mario Ezquerrak aipatu zuen bezala (Elkargoko Ondare komisioaren bozeramaile moduan), eraispena gauzatzeko erabilitako arrazoiak pixkat inozoak ziren, oso kg/m2 gutxirako kalkulatua izan omen zelako ta zementuaren aluminosia, ta eztakit zer gehiago… azkenean, irizpide horiek beste hiriaren eraikin zaharrei aplikatuzkero, katakrok! hiria bota beharko genuke, zenbait auzo oso-osorik!
Derzu: Egia da bi adibideak ezberdinak direla. Erriberakoa ez da manifestu-maisulana, Bartzelonakoa ez bezala. Bilboko kasuan ez nago balizko zaharberritze baten aurka; kontua da oso arraroa egiten zaidala ustez baliotsua den eraikin bat eraistea, ondoren berreraikitzeko. Bartzelonakoa, esan bezala, maketa handi bat iruditzen zait; maketa ederra, hori bai!Karpol: “Adituen” txostenei interesa dagoenean soilik egiten zaie men. Erriberako hormigoian kalitate txarreko agregatuak erabili omen zituzten… ziur asko, garai hartako Bilboko eta inguruetako eraikin gehienetan bezala. Ados nago esan duzunarekin.