Pasaiako ametsak

www.puertopasajes.net

Pasaiako badia Europako zenbait arkitekto- eta hirigile-talderen fantasia-iturri izan da,  horretarako antolatutako lehiaketaren errotik. Hala ere, irudikapenezko ideia berritzaile guzti horiek halabeharrezko aurre-baldintza baten menpe dira:  Pasaiako kanpoko portuaren eraikuntza. Tamalez, portu hau ez da fantasia-jariotzaile, ez eta haren zilegitasunen inguruko eztabaida-iturri (azpiegitura nagusi gehienekin gertatzen den lez: AHT, Supersur…).

Egunotan hautaturiko proiektuak ikusgai dira erakusketa publikoan, delako herritarren parte-hartzea eta iritzia jasotzeko asmoz. Kontuan izanik proposamen horien testuinguruak errealitate desitxuratua plazaratzen digula, proiektuok azter ditzagun teoria-ariketak bailiran, eztabaida-esparru gisa baliogarria delakoaren ustetan.

(Gai honen harira iritzi-artikulu honen irakurketa gomendatzen dizuegu: http://arkitekturaz.com/2010/03/17/puerto-a-la-deriva/)

Pasaiako Badia Biziberritzeko Nazioarteko ideia lehiaketaren erakusketako 3 proiektu finalista eta proiektu irabazlea dira. (martxoaren 23ra arte Errenterian; ondoren, Donostian izango da)

WEST 8. Pasaia urre da

Talde herbehereetarrak apustu iraultzailea dakar pasaitarrentzat: Pasaiako badia UNESCOren Kultura Ondare izendatua izan dadila. Badiaren balio nagusien artean ondare historiko-arkitektonikoa eta paisaia naturala direla baieztatzen dute eta horri eusten diote proposamena garatzeko: alde batetik, hiri-ereduak hautatzerakoan, egun daudenen berrirakurketa edo jarraipena eginez (portu-herrietako lotizazioa, etxe-irlak…). Herrerako proposamenak Amsterdamgo Borneo-Sporenburgeko antolaketarekin zerikusirik izan dezake; Trintxerpeko etorbidetik aldentzen da, ura barnealderago ekarriz, dagoen herriari inportantzia emanez. Bestalde, Lezo-Errenteria inguruan, industriaz kutsaturiko gunearen berreskurapen naturala proposatzen dute: ibilbide peatonal batek, dike bat balitz bezala, bainurako gune bat definituz! Dudarik gabe, proposamen ausarta da West 8-rena. Eszenografia-ikuspegia galdu gabe, Pasaiako badia osatzen duten herri bakoitzak ikono-eraikin bat izango luke, altueran presentzia izango lukeena, herriaren kokapen-identifikatzaile gisa.

 S333 Architecture+Urbanism. Erribera ezagutarazten eta bere 5 printzipioak

Talde herbeheretar honek bere lurraldeko irlatxoak eta kanal-sistema itsatsi nahi dute badian. Ur-fatxada bakar baten ondoan, uraren presentzia areagotu nahi dute kanal-kaleen bitartez. Bestalde, ebaketan soluzioak eskaini dituen talde bakarra da: N-1 errepidea eta industrialdearen arteko kota-aldaketa nabaria da, eta eskailera funtzioko eraikinak asmatu dituzte. Esan daiteke ebaketa-lan interesgarria proposatu dutela, baina ideia orokor baten faltan dela. Beste obsesio bat izan da, zubien bidez badiako herri desberdinen arteko lotura areagotzea.

Ezquiaga Arquitectura, Sociedad y Territorio, S.L. Pasaiako herritik dator notizia…

Talde madrildarrak, aldiz, ideia bakarra baina argia du: etxebizitza-gune bat sortu Herreran, eta, gainontzekoa, nagusiki oinezkoentzat izango den aisialdirako eraikin eta berdegune jarraitua sortu badia osoan zehar. Modan diren hainbat baliabide proposatzen dituzte: tranbia batek herri guztien lotura bermatuko du eta industrialdeko hainbat eraikintzar berrerabiliko dituzte, erabilera publikoz jantziz (benetan hainbeste m2 osatzeko erabilerarik al da?). Badia, beraz, kirolerako eremua izango da (urarekin erlazionaturiko jarduerak: kirol-portua, igerilekuak badiaren gainean, estadioa…) edo parke handien kokaleku. Trenbidearekin estrategikoki loturik, udalerriz gaindiko eskalako kultura-eraikin bat ere proposatzen da. Nolabait, erabilera berrien asmakizunean aritu izan diren susmoa antzematen da, dena berdegune eta eraikin publikoz josiz, ideia-eskasiaren ondorio.

Herrerako gunean zentratzen dituzte diseinu-esfortzu nagusiak: Trintxerpeko kale nagusiko bizilagunak kontent izango ez direla pentsatzen dugu, gaur egungo kale-ebaketak altuera handiko dorreak modu egokian jasotzerik ez duela aurreikusten baita. Hori bai, guneak egungo hirigintzak eskatzen duen hiperdentsitatearen lemari darraio.

KCAP – LKS Nolako badia, halako haizea. Zeru azpiko badia

Irabazle geratu den euskal eta holandar taldeak 800.000 m2 etxebizitza dakartzate Pasaiara; etxebizitza gehien eta eraikuntza-transformaziorik handiena duen proposamena da; orain arteko garapenkeriaren hiri-eredua errepikatzen du: etxebizitza-eraikinek proiektua bideragarri egingo dute eta lanpostuak eta komertzioa kontzentratzen duten gune bereziak daude, berdegunez inguraturik. Hiri-diseinuaren aldetik, gune bakoitzean gai formal bat hartzen dute (hori dela eta, herri bakoitzak bere izaera duela diote): Herreran triangularizazioa, Altza parean errektangeluarra, Errenteriakoan Belvedere-eraikina, Lezon antolakuntza kaotikoa. Proposamenak ez du proiektuaren lemaren amets-poesia iradokitzen…

2 Comments

  1. proiektuak nahiko gainetik begiratu baditut ere, iruditzen zait, kanpo portuaren kontua alde batera utzita, barnealdeko lanek ez dutela inolako berrikuntzarik ekartzen. Urarekin erlazioa eskasa iruditzen zait (amsterdamgo borneok zuzenagoa du)eta etxebizitza sistema klasikoa planteatzen dute ia gehienek. Gune ezberdinak dira, herri ezberdinei dagokiena, baina guztiek badia osatzen dute, eta nere ustez ezin dira aparte ulertu, fase ezberdinak badira ere, eta ura da guztietan komuna, nere iritziz, gehiago landu behar izan behar zen elementua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude