Gipuzkoako Errezilgo Erdoizta auzoan harribitxi bat dago: San Isidro baseliza neoklasikoa. Itxita egon ohi da, baina kanpotik ikusteko bakarrik ez bada ere, hara gerturatzea merezi du. Izan ere, leku zoragarrian dago, Ernio mendiaren ipar-mendebaldeko isurialdean, 453 metroko
garaieran, Basarri bertsolariaren jaiotetxea izan zeneko Granada
baserritik ez oso urrun.
Ingurunearen topografia. Gezi gorriak basezilaren kokapena adierazten du / Handiago ikusteko, sakatu gainean. Egilearen irudia (CC-BY-SA)
Nahita joan beharra dago hara, bertan amaitzen
baita bidea. Errepidea, dena esanda, ez da bertigoa sentitzen duen
jendearentzat gomendagarria. Hala ere, sestra-kurbak jarraitzen dituzten bideak oraindik existitzen direla egiaztatzea polita da, nostalgikoa, gaur egungo abiaduraren ingeniaritzaren aurrean.
Goian, erdian, Erdoizta / Handiago ikusteko, sakatu gainean. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)
Erdoiztan eliza eta bizpahiru baserri baino ez daude. Haietako bat eskola zen, eta, garai batean, inguruetako hogeita hamar bat haur ibiltzen omen
ziren bertan. Gaur egun, zakurren zaunkek egiten dizute ongietorria.
Erdoiztara ailegatzerakoan ikusten dena / Egilearen argazkia (CC-BY-SA)
Baseliza Pedro Manuel Ugartemendia arkitekto eta hirigile
andoaindarraren proiektuari jarraiki eraiki zuten 1808an, estilo
neoklasiko zehatzean. Eraikin soila dugu, apaindurarik gabekoa, eta,
bistan denez, oinplano
zirkularrekoa. Euskal Herrian eraikin-tipo zinez bakana, hortaz.
Goian, baselizaren leiho termala eta kanpandorre xumea / Egilearen argazkia (CC-BY-SA)
Zaharberritze batek zoritxarreko hormigoizko estalkia ezarri bazion ere,
oraindik mantentzen da barnealdea argiztatzen duen leiho termal
bakarra. 2004an, Sailkatutako Kultura Ondasun
izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Baseliza eta inguruko paisaia / Handiago ikusteko, sakatu gainean. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)
Landa-arkitekturako adibide interesgarria, geroago Donostia berregingo zuen hirigilearena, erakusten diguna kamuflajea ez dela paisaiaren aurreko jarrera posible eta egoki bakarra.
joe! flipatua geratu naiz informazio honekin… badira bi urte erdoiztan bizi naizenetik, etxekoak orain dela 7 urte iritsi ziren paraje zoragarri honetara. Saiatzen gara inguruan batean eta bestean galdetuz informazioa biltzen, baña horrelako informazio konpletua ez nuen inoiz ikusi. Mila esker zuen aurkezpentxoagatik, nei oso baliagarri zait. Ta hurrenguan, gure txakurrei esangoyeu hainbeste zaunka ez iteko eta ateako gazta zati bat eta ardo pixka bat! ongi etorri erdoiztara!
Aupa Edurne! Txakurren zaunkek ez ziguten inolako kalterik egin, kar-kar! Txoko politan bizi zara, bai. Bejondeizula!