Birdentsifikazioa

Barka nazatela langabezian daudenek, baina zorioneko krisialdiagatik izango ez balitz…

Gasteizen gauzatu nahi den birdentsifikazioak (ofizialki Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berraztertze partziala) Euskal Herrian aurrekari gutxi dituela esango nuke. Birdentsifikazioaren tresna aspaldikoa bada ere —XIX. mendeko zabalguneen goranzko handipenek antzerako emaitza lortu zuten—, Gasteizkoaren tamainak aparteko kasua osatzen du. Zenbaki gordinak honakoak dira:

Egun indarrean dagoen plana 1. aldaketa-proposamena 2. aldaketa-proposamena
Salburua 7.082 etxebizitza 10.435 etxebizitza 10.940 etxebizitza
Zabalgana 9.428 etxebizitza 12.792 etxebizitza 14.165 etxebizitza
Guztira 16.510 etxebizitza 23.227 etxebizitza 25.105 etxebizitza

Ea zertarako aurkezten diren bi proposamen? Bada, ziur asko, prozesu parte-hartzaile batek azken emaitza hautatu dezan. Herritarrek askatasunez aukeratu dezaten. Hori bai, aurrez prestatu zaien menuko osagaien artean soilik dute aukeratzerik.

Zabalganarako proposatutako bigarren aukera (ilunago dauden eraikinak dira birdentsifikazioa burutuko dutenak)

Lehen aldaketa-proposamenek 6.717 etxebizitza gehiago egitea dakarte, eta, bigarrenek, 8.595. Kasurik baxuenean, Bilboko Miribillan egin zutenaren edo Donostiako Auditz-Akularren egingo dutenaren bikoitza baino dezente gehiago (egitasmoak Gasteiztik kanpoko hedabideetan dezente zarata gutxiago atera badu ere). Hori da hori birdentsifikatzea! Arrazoi guztiz iragarri dute batzuek Gasteiz 320.000 biztanlera laster iritsiko dela…

One Comment

  1. Okerrena da, birdentsifikazio honek ez dituela propaganda instituzionalak aireratzen duen hiribildu eta trinkoaren helburu horretara urbilduko, Zabalgana ezta Salburua auzo berriak. Hiri zabalgune estrategia eraginkor batek, lehendabizi, eremu horietan erabilpen mixtoak ezarri beharko lituzke. Baina aldiz, etxebizitza hutsez konposatutako norabidean sakontzen du planaren berraztertze honek, eta, azkenean bi auzo berri hauek “bizitegi-auzo” lausoak izaten bukatuko dute. Badaude, auzo mota horien porrota erakusten duten nahiko aurrekari historiko jada. Ostera, etxebizitzekin erabat bateragarri diren jarduera ekonomiko asko, eta auzo horietan ezartzeko abagunea izanik, hiritik kanpo kokatzen dira, Miñanoko high-tech poligonoa horren adibide nabarmena (eta enpresa publikoak barne izanda: Ur Agentzia, Euskalmet,..), gainera ingurumen iraunkortasunarekin kontraesan argian (mugikortasunaren areagotzea adibidez). Baina, planaren berrikuspen honek, “merkatuaren erabaki” horietako baten itxura osoa du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude