Azpiegitura handiek sarri liluratzen gaituzte, gizakiaren ausardiaren eta trebetasunaren erakusgarri baitira. Distira guztiak ez dira urre, ordea. Lurralde guztietan sakabanatuta badira hainbat azpiegitura-gorpuzki, hilotzak bailiran, amaitu gabe bertan behera utzi behar izan zirenak. Azpiegitura horiek alferrik galtzeko arrazoien artean, jakina, ekonomia-arazoak izan ziren usuenak. Sustatzaileen megalomaniak proiektutzarron bideragarritasuna bigarren maila batean jarri zuten, eta gero, gerokoak.
Versailles goitik. XIX. mendeko grabatu anonimoa
Luis XIV.a Frantziako Eguzki Erregea handinahikeria horren ohiko adibide dugu. Ezaguna da berak handitutako Versaillesko lorategia ez zela lilitegi bat soilik. Mundua ahozabal uzteko tresna politiko bat ere bazen. Bere garaian, ia 8.000 hektareako azalera omen zuen lorategi osoak. Haren mantentze-lanak ez ziren samurrak izango. Ehunka iturrirako eta hamarka urmaelerako ur-hornidurak eman zituen kezka larrienak, hala ere. Hainbeste, non inguruetako putzuetatik ura ponpatzea nahikoa ez baitzen.
Versaillesko lorategiak uraz hornitzeko 1680an Sena ibaian gauzatutako Machine de Merly izeneko ponpa erraldoia / Pierre-Denis Martin, 1723
Horregatik, ponpa erraldoi bat eta ubide luze bat eraiki zuten 1680an Sena ibaitik Versaillesera ura garraiatzeko. Artean, Versaillesko lorategiek Paris osoak baino ur gehiago kontsumitzen zuten. Haatik, Sena ibaitik zetorren ura ez omen zen nahikoa Versailleserako, eta 1685ean Eure ibaitik ere ekartzea pentsatu zuten. Berdin zion 160 kilometrora egoteak.
Eureko ubide osoa 1770eko atlas baikor batean jada adierazia
Vaubanek proiektatutako Maintenongo akueduktu erraldoiaren zati bat
Maintenongo akueduktuaren hainbat tarte
Akueduktu erraldoi bat eraiki nahi izan zuen Erregeak, bide batez Frantziaren handitasuna ere erakutsiko lukeena. Baita lanak hasi ere. Horretarako 20.000 soldadu jarri zituen lanean. Maintenongo ubidea eraikitzea izan zen lehen fasea. Bai eta azkena ere, alimaleko lan zoroak hasi eta bost urtetara bertan behera utzi behar izan zituzten eta.
Maintenongo akueduktuaren egungo egoera / Patrick Giraud (CC-BY-SA)
Ezetz asmatu Euskal Herrian obratan dagoen zer azpiegitura handi eta garesti geratu daitekeen amaitu gabe.
mmmm… Donostiako ipar-ekoingurabidea?ondo segi;)