Jean Robert Donostian izan da aste honetan, Cristina Enea fundazioak oinezkoari buruz antolatu duen zikloari bukaera emateko.
Jean Robert arkitektoa eta suitzarra bada ere, mexikar afrantsesatu doinuarekin ekonomia produktiboaren giza-ondorioetaz jardun zitzaigun, idazle eta ikerlari baitugu oinezkoarentzako espazioa berreskuratzearen aldeko pentsamenduan. Makina bat ideia plazaratzeko urduritasunarekin, modu desordenatuan aritu zen hizketan, bere apunteen orrialdeak aurrera eta atzera, liburu desberdinetako aipuak irakurriz eta horrela hitzaldiaren gidoia inprobisatuz.
Beraz, Jean Roberten hitzaldian beste hainbat pentsalariren presentzia bizia izan zen, batez ere Ivan Illichena (eta zergatik ez esan, Jack Nicholson-ena ere bai, Robertek eta Hollywoodeko aktoreak antzekotasun fisiko handiak baitituzte). Biak sistema industrialaren aurkari sutsuak ditugu; kapitalismoa industrializazioaren goraldia da eta industriak egun lortu duen merkantilizazio-bolumen ikaragarriaren giltza mugikortasunean datza.
Hitzaldiaren argumentazioak 70eko hamarkadako esanetan aurkitu zituen eta antza, gaur eguneko egoera kritikatzeko zilegi dira. Izan ere, industriaren produkzioaren zaharkitze-programazioa (produkzioaren bizi-iraupena ziurtatzeko produkzioa zaharkitze-datarekin ekoizten da) eta zerbitzuen hazkundea, orduantxe definitu baitziren.
Gizartea hazkundearen ilusioan bizi da, ezen sinestarazi baitigute zenbat eta zerbitzu gehiago ezarri ahala zerbitzua bera hobetu egingo dela. Horrela, adibidez, zenbat eta osasun-zerbitzu gehiago izan, teorian, orduan eta osasuntsuagoak izango gara, eta ondorioz, zerbitzu gutxiago eskatu beharko lituzke gizarteak. Baina ez da sekula horrela gertatzen! Sistemak, osasun zerbitzuen eskaria murriztu beharrean, horiekiko menpekotasuna ezartzen baitu! Esandakoa mugikortasunera eraman dezakegu.
Mugikortasun autonomoa eta heteronomoa desberdindu zituen: lehena, gizakiak doan egiten du eta denon eskura dago, eta administratu beharrik ez dago. Gainera, zenbat eta oinezko gehiago izan, orduan eta zirkulatzeko bide gehiago sortzen dira. Aldiz, heteronomoa gainontzeko garraiobideena da, garestiak direnak, administratu behar direnak eta ez daudenak denon eskura; esan beharrik ez dago: azken mugikortasun honek BGP (barne produktu gordina) igoarazten du. Biak, gainera, ez dira bateragarriak: zenbat eta autobide gehiago ezarri, oinezkoak gero eta espazio gutxiago baitu.
Erakundeen garraio-proiektuetan, gainera, ez dira mugitzeko alternatibarik eskaintzen, beraz, garraio-sistemarekiko menpekotasuna itzela da. Mugikortasunak denbora ekonomiaren parametro garrantzitsu bilakatu du. Eta denborarekin batera, abiadura. Mugitzeko aukerak gure bizitza menperatu du. Horregatik, Robertek oinezkoarentzako espazioak berreskuratu nahi ditu, industrializazioaren porrota irudikatzeko ilusioaz.