Kubbo Arkitekturako kideekin solasean

Irunen kokaturik dagoen Kubbo Arkitektura taldea osatzen duten lagunei egin diegu elkarrizketa. Zenbait arkitektura-lehiaketetan parte hartu dute, adibidez Ibarrako polikiroldegia egokitzeko egin zen lehiaketan, irabaziz, eta Itsasondoko udaletxearen lehiaketan, herritarren bozketan irabazle suertatuz.

Gaur egun denok dakigun egoera berezi honetan, lehiaketa ugari egiten ari dira arkitektura-estudio asko eta asko, eta gaurkoan besteak beste lan hauetan diharduen taldea gonbidatu dugu.

Nola, noiz gertatu zen Kubbo Arkitekturaren sorrera?

Poliki poliki sortzen joan da taldea. Unibertsitatean hasi ginen, taldeko lanekin, ikasteko bilduz… Azkenean ia egun osoa pasatzen genuen elkarrekin eta ikasketez gaineko erlazioa sortu zen.

Karrera amaitzen joan ahala leku desberdinetan aritu gara lanean, arkitektura-estudioetan, ingeniaritzetan, dekorazio-estudioetan… Bitartean harremana eta elkarrekin zerbait sortzeko asmoa mantendu ditugu.


Ibarrako polikiroldegia egokitzeko lehiaketa / Kubbo Arkitektura, 2009 (info gehiago hemen)

Pausua 2008an eman genuen, lehenengo lehiaketara aurkeztuz. Behin lehiaketa batzuetan parte hartu eta bat irabazita (Ibarrako polikiroldegiaren egokitzea) taldearen izaera definitzeko garaia iritsi zela ikusi genuen. Orduan sortu zen Kubbo Arkitektura. Geroztik gure lanak www.kubbo-arkitektura.com helbidean biltzen goaz.

Zerk animatu zaituzte lehiaketetara aurkeztera?

Hasieran gure lanez gain zerbait kreatiboagoa egiteagaitik, elkarlanean aritzeagatik eta zerbait sortzeko asmoa beti izan dugulako. Orain, berriz, beste bideetatik lan gutxi sartzen den garaian, lehiaketak aukera bat dira lan berriak lortzeko.

Itsasondoko udaletxearen lehiaketan herritarren bozketan irabazle suertatu zarete… Esplikatu dezakezue pixka bat zuen proiektua?

Itsasondoko udaletxearen lehiaketan herriaren bozketan irabazle izan aurretik Ibarrako polikiroldegiaren egokitze-lehiaketa irabazi genuen, baina krisia dela eta dirurik gabe, oraindik geldirik dago. Hala ere, oraingoan herritarrek gure proiektua bozkatu izanak asko poztu gaitu, askotan ez baitira herrietan gustoko izaten arkitektoon proposamenak eta ideiak.


Itsasondoko udaletxea zaharberritzeko lehiaketa / Kubbo Arkitektura, 2010 (info gehiago hemen)

Eraberritze-proiektua izaki, fatxada, barne-banaketa eta irisgarritasuna landu genituen.
Ideia eraikinari kanpo-izaera publikoagoa ematea izan zen eta barruko funtzionaltasuna hobetzea. Bi erabilera nagusi bereizten dira, udaletxea eta kulturetxea. Barne-erabilera hauek bolumen eta material ezberdinak erabiliz ageri dira fatxadan; bi bolumen nagusien arteko inflexio-puntu moduan, udaletxeko balkoi nagusia. Beheko solairuan kulturetxea antolatzen da, ludoteka, liburutegia eta erakusketa-aretoekin, herritarren erabilerarako aurreko plazarekin kontaktuan. Goiko solairuetan, udaletxea, bulegoak, bilera gelak, areto nagusia eta artxiboak.

Eraberritze-lanak egin bitartean eraikinaren funtzionamenduan ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko hiru fase proposatu genituen:

1- Irisgarritasuna eta erakinaren azal berria.
2- Udaletxearen banaketa berria.
3- Kulturetxearen banaketa berria.

Zein iritzi duzue lehiaketei buruz?

Gure kasuan oso mugatuta gaude. Lehiaketa askotan curriculuma eskatzen dute eta aurkeztu ahal izateko baldintzetan sinatutako obra-bolumenak estudio handienei bakarrik ematen die aukera. Horregatik gu gehienetan ideia lehiaketetara bakarrik aurkez gaitezke. Kasu hauetan gainera, irabazi arren, proiektua lehiaketa-deialdia egin duenaren esku geratzen da eta askotan ez dira eraikitzen edo arrazoi desberdinengatik beste arkitektoren bati ematen diete lana.
Gaur egun gainera, gero eta jende gehiago aurkezten gara lehiaketetara eta askotan proiektuak baino garrantzi handiagoa hartzen dute aurrekontuak eta ordainsariek.

Nola aurkezten zaizue 2011 urtea?

2011rako oraingoz badugu eraikuntza-proiektu bat, baina hala ere lehiaketetara aurkezten jarraitzeko asmoa dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude