Kolektibotasunaren inguruko mintegi bat burutu da martxoan Donostiako Arkitektura Eskolan, zoohaus ikerketa-plataformaren gidaritzapean. Madrildar arkitekto talde honek egoera estandarretatik at diren lekuetara luzatzen dute begirada, izan ere, arautegien kontrolpean ez diren egoera edo lekuetan, gizakiak bere jakinduriaren goreneko erakustaldia agertzen du: eraikuntza-soluzio pertsonalizatuak, antolaketa-eredu propioak edo zonalde baten izaeraren irakurketa egokitua. Horrela definitzen da, adimen kolektiboa.
Adimen honen ahalezko erabilgarritasuna, bestalde, itzela dela diote zoohausekoek. Egoera eta ezaugarri zehatzetan sortu den soluzio berezia, lokalismoez hornitua, berezko jokabidean eredu orokor gisa ulertzerik bada, eta gune batean aurkitutako sistema beste baterako baliagarria izan daiteke, eredu orokorra zonalde berriaren ezaugarrietara egokitzen bada behinik behin. Hau da, tokiko aurkikuntzak kolektiboaren mesederako baliogarriak direla frogatzen dute zoohausekoek.
Alabaina, adimen kolektiboan ez da hiriaren arazo nagusien irtenbide-iturria edo panazea aurkituko. Mikro-hirigintza da, hain zuzen ere, ikuspegi honen eragite-esparrua, sinisten baita egoera txikien ebazpenen akumulazio-prozesuan lortuko direla goreneko arazoak ebaztea, beraien arteko sinergia-ondorio katarsiarraren erruz.
Espazio publikoa, herrialde garatuetan, merkantilizaziorako espazioak dira maila handi batean, eta lekuko ezaugarrien berezitasunak galduak dira maiz. Horra hor adimen kolektiboa ezartzeko parada ederra.
Donostialdean lanean aritu ondoren, Urumeako ibaiertzeetako espazioa eskuratzeko irtenbide adimentsuak aurkitu izan ziren, hala nola auzoguneetan diren gaztetxeetako elkarlan-ereduak kultura-aktibitateen antolaketarako edo Pasaian ur-ekonomiari lotutako hainbat tradiziozko eraikuntza-sistema.
Adimen iturri horiek oinarritzat hartuz, kolektibotasunaren lan dinamikek lortzerik duten aktibatze-prozesuen ikerketan aritu ziren 40 bat ikasle, Donostiako “postalezko hirigintza”ren alternatiba izan daitekeen hiria egiteko jarrera baten bilaketan.