Agustin Presmanes Arizmendik hitzaldi interesgarria eman zuen atzo Donostiako arkitektura-eskolan, Bilboko metroari buruz. IMEBISAko ordezko kontseilari eta Euskal Trenbide Sarea erakundeko zuzendari izandako bide, ubide eta portuetako ingeniariak, hainbat xehetasun tekniko azaltzeaz gain, Bilboko metroaren inguruan eraiki ziren —eta dagoeneko eraitsi edo eraiste-bidean diren— 5 mito aipatu zituen:
1. “Bilbokoa da“.
Guztira 45 km-ko luzera edukiko duen metro-sarea hainbat udalerri zeharkatzen ditu, Bilbo ez ezik. Izatekotan, Bilboko metropolitar eskualdekoa edo Bilboaldekoa da.
2. “Ez da beharrezkoa“.
Milioi bat biztanlerako garraio-azpiegitura da, ibaiaren bi bazterreko egoileak lotzen dituena, gainera. Sare osoa amaitzerakoan, urtean 100 milioi bidaiarik erabiliko dute.
3. “Luxuzkoa da“.
Trenak alde batera utzita, 30 milioi euro/km-ko kostua izan du Bilboaldeko metroak. Beste hainbat hiritako metroen kostuarekin alderatuta ezin da esan luxuzko obra izan denik.
4. “Ezinezkoa da“.
Ibaizabal ibaia zeharkaezina zen Bilbotarren inkontziente kolektiboan. Lutxanako, Olabeagako eta Areatzako bidegurutzeek, zeinetan metroa ibaiaren azpitik igarotzen den, ordea, aurkakoa erakutsi dute.
5. “Fosterrena da“.
Norman Fosterren lana aipatzekoa da, jakina, baina metroa aurrera eramateko talde-lan izugarria ezin da hainbeste sinplifikatu. Fosterrenak jotzen diren hainbat ideia, gainera, lehiaketarako oinarrietan bertan jada agertzen ziren.