Argazkiak.org | Kukutza barnetik © cc-by-sa: ula
Argazkiak.org | Kukutza kanpotik © cc-by-sa: ula
Bilboko Errekalde auzoko kultur aktibatzailea den Kukutza gaztetxea desagertzeko arriskuan dago. Kukutzak abandonatutako industria-eraikin bat okupatzen du, eta 13 urte luzez berau zaindu eta auzoko kultur-bizitza aberatsaren sortzaile izan da. Egun, eraikinaren jabe den enpresa eraikitzaileak promozio libreko etxebizitzak egiteko asmoa agertu du, eraikina eraisteko aurrerapausuak emanez.
Arkitektoen eta hirigintzan lan egiten duten teknikari ororen ikuspegitik badira hamaika arrazoi Kukutzak bizirik iraun dezan aldarrikatzeko:
1- Kukutzaren ibilbidea hiria eraikitzeko erreferentea da. Auzoko ekipamendu gabeziari erantzuna emateko jaio zen, auzotarrek kudeatutako topagunea sortuz. Auzolanaren indarra ikur, Errekaldeko hiri-mugarri bihurtu da. Eraikinaren kokapen estrategikoa auzoko hiri-sarean, eraikinaren egokitasun eta aukera espazialak, eta errekaldetarren ilusioa eta gogoa dira Kukutza auzoko espazio publikorik garrantzitsuenetakoa bilakatzeko arrazoiak. Izan ere, eraikina izanagatik, espazio publikoaren izaera du, ekintzetarako eta harremanetarako gune irekia baita. Bilboko ondare sozialaren zati da dudarik gabe; auzo-identitatearen eraikitzailea.
2- Kukutza kultura ulertzeko eta antolatzeko modu bat da. Asanblada demokratikoen bidez hartzen dira erabakiak, eta irekita dago edozeinen parte hartzeari. Proiektu autogestionatua da, irudikatzen dugun gizarte utopikoa, ideologia eta politika zehatzak alde batera utziz, irudimenetik errealitatera igarotzeko espazioa; instituzioek kultura, zerbitzu, etxebizitza eta aisia mailan dituzten hutsuneak bete nahi dituena. Bertan, Bizkaiko rokodromo hoberenetarikoa dago; flamenko, dantza klasiko, dancehall… ikasteko dantzagune-akademia dago; auzoko nagusien eskulan-tailerra; haikido eta taekwondo kirol-eskolak; hainbat artisten lan-egoitza, antzerki-taldea, liburutegia, musika-entsegurako gela insonorizatua, Bizkaiko zirku eta malabaristen elkartea, eta abar luze bat. Udaletxeak berak maiz diruz lagundu ditu bertan egin diren hainbat jarduera, Kukutza nolabait legitimizatuz, bertan nazioarteko kalitateko kultur ekintzak eskaintzen baitira.
3- Kukutza kokatzen deneko eraikin industrialak, gainera, arkitektura-ondareko balioa du. Errekaldeko historiari lotua, arkitektura industrialaren eredu ona da, auzoan gelditzen den azkenetarikoa. Arkitektura arrazionalista eta funtzionala da, ongi eraikia eta mantendua. Adreiluzko fatxada harmonikoek hormigoizko 3 solairuko eraikintzarra osatzen dute. Aipagarria da lekuari egokitzeko eraikinaren alaka biribilaren keinua.
4- Eraikin baten zaharberritze eta egokitze lanen adibide interesgarria da. Eraikinaren ezaugarriek baimendu dute oinplano libre batean, altuera egoki eta perimetroko fatxadako argiztapena medio, kultur aktibitateak txertatzea inbertsio handirik gabe. Hiriaren biziarazlea izan da orain arte, diru gutxirekin errendimendu maximoa lortu daitekeenaren eredu.
5- Bilboko Plan Orokorra berrikuste garaian dago, eta une egokia da Kukutzaren balioa mahaigaineratzeko eta Errekalde auzoaren beharrez jarduteko. Parte-hartze prozesu bat zabaldu beharko litzateke, eta etxebizitza gehiagoren beharra ote dagoen frogatu, hirigintza parte-hartzailea bultzatuz. Bikain funtzionatzen duen antolatze eta kudeatze kultur agentea den Kukutza desegiteak zentzugabea ematen du, helburuak betetzen dituen eraikina dugulako. Hiria egiteko bide alternatiboak abian jartzeko une egokienean garelako, aukera balia dezagun.
Horregatik guztiagatik Kukutzari babesa eskaini nahi badiozu, bidali kukutzaarkitektoak@gmail.com helbidera zure izen-abizenak, NAN zenbakia eta zure lanpostua edota kargua.
KUKUTZAKO BATZORDEA
Kukutza ezagutzen ez baduzu, horra lipduba: