Abuztuan lanik egiten ez denez, irailetik aurrera, hauteskundeetatik jada hirugarren hilabeteak jo eta gero, hasiko omen dira lanean serioski Euskal Herriko udal gobernu berriak. Eta «politika» hitza grezierazko «politikós» terminotik datorrenez, zeinak «polisari edo estatu-hiriari dagokiona» esan nahi duen, politika egiten hasiko dira, alegia, udal hirigintzaren norakoak finkatzen. Aurreko legegintzaldiko hiri-ereduarekin jarraitu, ala hautsi: horra hor auzia.
Izan ere, «Gipuzkoako proiektu estrategiko» handiez harago ere bada hirigintza eta lurralde antolakuntzarik (zaila da komatxoen artean zer sartu erabakitzea, «Gipuzkoako» ala «proiektu estrategiko»). Goitik beherako plangintza bezain garrantzitsua izan daiteke-eta behetik gorakoa, bottom-up planning delakoa. Hau da, xumeagoak diruditen erabakiak, baita Gipuzkoatik kanpokoak ere, jakina, oso estrategikoak izan daitezke udalerrientzat. Esaterako, funtsezkoa ez dirudien etxebizitza familiabakarren inguruko politika.
Zeren eta Euskal Herrian eraikitzen den etxe bakartu oro ez da baserri tradizionala. Ez arkitektura-estiloaren aldetik, ez funtzioaren aldetik (nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera ia desagertu egin da), ezta tamaina eta eskalarenetik ere. Eta dagoeneko perretxikoen moduan barreiatu diren euskal txaletak, gainera, ez zaizkio lurraldeari ohiko baserrien modura egokitzen: sarritan, ia harrokeriaz erakusten dituzte sekulako lur mugimenduak eta harri-lubetez osaturiko eustormak, gure topografia zailari irabazi izan baliote bezala.
Hirigintzaren ikuspuntutik, hala ere, kasik huskeriak dira horiek. Etxebizitza familiabakarren eraikuntzak eragiten dituen beste hiru faktore dira nabarmenagoak: lurzoruaren okupazio ganorabakoa, ohiko kalearen desagerpena, eta ondoriozko zonifikazioa eta honek dakarren mugikortasun-eredu ezin iraunezkoa.
Eraikitzeko lurzoru aproposa gero eta urriagoa dugun honetan, batez ere Euskal Herriko ipar-isurialdean, hektarea bakoitzeko 65 etxebizitza baino dentsitate baxuagoa proiektatzea (eta familia bakarreko etxeen auzuneak ez dira horren erdira ere iristen) ez da luxua bakarrik, etorkizunerako aukera anitz ixtea da. Esaterako, «neobaserrien» hedapen masiboak laborantzarako lurrak nabarmenki murrizten ditu. Herrialde txiki batean, bereziki, familiabakarren aldeko apustua elikagai-subiranotasunaren aurkako errezeta bilaka daiteke.
Etxetxo sakabanatuek, halaber, kale tradizionala deuseztatzen dute, herritarrek elkar topatzen duten espazio publikoa, denden fatxada bizien ordez burdina forjatuzko hesiak eskainiz. XX. mendearen hasierako lorategi-hiri ingelesek bezala, hemengo txaletek ere landako bizimodu osasuntsuagoaren promesa egiten digute, hiritik duten gertutasun badaezpadakoa alboratu gabe. Azkenean, ez ur ez ardo. Loreak bidean galdu ditugu, lorategi-hiriak lo-hiri bihurtu baitzaizkigu. Familiabakarrarekin batera erosten dugun beste desio-objektua autoa denez, lo egiteko etxeez gain lurraldean zehar banandu ditugu gainerako eraikinak ere, etxeko garajetik laneko, merkataritza-guneko zein polikiroldegiko aparkalekuetara kapsula klimatizatu batean lekualdatzeko. Eta errepide-eraikitzaileak, jakina, oso triste.
Urteotan, ordea, familiabakarren eraikuntzaren aurkako hainbat berri ailegatu zaizkigu epaitegietatik: Barrikako Barrikabaso, Urdaibaiko Kanala, Guardiako golf-urbanizazioa… Azkena pasa den maiatzean bertan ezagutu genuen, Muskizko Arena hondartzako 40 etxe bakarturen kontrako Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena dela-eta. Talde ekologistak izan dira urbanizazio horien atzean dauden birklasifikazio interesatu gehienak salatu dituztenak. Politikarien kontzientziazioa ere ez legoke soberan.
Amets amerikarra, amerikarrentzat.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko abuztuaren 6an]