Kukutzari babesa

Bilbotik pasatu den edonork ikusiko zituen leihoetatik zintzilik bandera laranjak, ohiko zuri-gorriari aurrea hartuz. Kukutzari babesa emateko herritarren aldarrikapenaren adierazle bihurtu da laranja. Baina egoera gorria du Kukutzak: eraisteko lizentzia eman du udalak eta eraikinetik irteteko esan diete. 

Egun hauetan Kukutza jendez gainezka dago, agenda kultural intentsoari aurre eginaz eta 24 orduko zaindaritzarekin. Hori baita Kukutzaren betebeharra, zailtasunak zailtasun, herriko funtzio kulturalari erantzuna ematea.


Kukutzak eraikina ez ezik, aurrera eramaten duten aktibitatea ondare kulturaltzat jotzea eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, edo sormen-lantegiak saretzeko proiektu kulturala sustatzea, edo udalak Cabisa enpresari -eraikinaren jabeari- alokairu tasa bat ordaintzea. Irtenbide bat adosteko oihua egin dute, baina administralgoak gor agertu dira. 

Kukutza eraitsi egingo da Plan Orokorrean orubeak etxebizitza libreak egiteko kalifikazioa duelako. Plangintzak 1995ean behin betiko onarpena jaso zuen, eta orduan ere, auzotarrek eraikina ekipamendu kulturalaren kalifikazioaren oihuari egin eta entzungor egin zen administralgoa. Plangintza hiriaren beharrei erantzuteko egina dago, eta bideak daude aldatzeko. Baina horretarako jarrera posibilista behar da.

Kukutzaren autokudeaketa eta egoera ilegala da udalaren preokupazioa. Baina Igor Ahedok, Pedro Ibarrak eta Ramón Zallok Kukutzaren aldeko idazkian esaten duten bezala, Kukutza 3. belaunaldiko gaztetxea da:  behar propioak asetzeko okupazio belaunaldia eta talde alternatiboei bidea egiteko gaztetxe eredua gainditu da, auzo komunitate baten ekipamendu sozialean bilakatu baita.

Cabisak publikoki esan du ez duela etxebizitzak egiteko desiorik oraingoz. Errekurtso ekonomiko gutxiko garai honetan, lehen mailako eragile kultural bat bertan behera botatzeko egoeran al gara?


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude