Oporretan izan bazara, yo-yo hiriren bat bisitatuko zenuen, ziur aski. Edo, akaso, horretarako ez duzu oporretara joan beharrik izan, dagoeneko yo-yo herri batean bizi zarelako; udan gizendu eta neguan argaldu egiten den hiri edo herri horietako batean, alegia, zeinen biztanleria bat-batean luzatu eta laburtu egiten baiten, yo-yo jostailu baten moduan. Gora eta behera.
Kostaldean kokatutako herriak izan ohi dira udako turismo masiboa jasotzen dutenak; jendetza eguzkiaren eta hondartzaren egarri baita. Eta beroarekin populazioa ere dilatatzen da, itsasoaren bazterrean gutxienez. Aurreko urteetako datuak ez badira asko aldatu, abuztuan Elantxobe eta Zarautz hirukoiztu egin dira; Plentzia, Lekeitio, Hendaia eta Miarritze, laukoiztu; Mundaka eta Donibane Lohizune… boskoiztu! Apartamentuak, kanpinak eta hotelak goraino bete dira, baita tabernak eta jatetxeak ere. Pagotxa eduki dute. Beraz, uda parteko hiri-gizentzeak onura ekonomikoak badakartza. Lehen begirada batean, bederen. Zeren eta yo-yoa igoarazteko energia gastatzea ere beharrezkoa da.
Turismoak eragindako eragozpenak eta gastuak ere badaude, eta ez edonolakoak, sarritan aipatzen ez badira ere. Zerbitzu publikoak (garbiketa, trafikoa eta segurtasuna, batez ere) ganoraz eskaintzeko senperrenak ikusten dituzte hainbat udalek. Erronka zera da: nola aurre egin aisialdiaren bila migratzen duen «homo ludensaren» inbasioari? Erantzuna ez da erraza. Giza-baliabideak aldi baterako handitzea ez da horren zaila: garbitzaile eta polizia gehiago ekartzen dira, eta kito; baina azpiegitura finkoekin (iristeko errepideak, ekipamenduak, hornikuntzarako hiri-zerbitzuak…) ezin da gauza bera proposatu. Hortaz, edo abuztuko eskakizunerako ondo egokitzen dira, eta gainerako hilekoetan demaseko bihurtu, edo ohiko biztanleriarentzat dimentsionatzen dira, eta udan eskas gelditu.
Ataka horren aurrean, lehen bidetik jo du hainbat udalerrik, eta azpiegiturak udako turisten neurrirako handitu ditu. Egungo krisiaren aurretiko testuinguruan, gainera, zerbitzuen soberako dimentsio hori hirigintza-garapenerako zurigarri gisa erabili izan da behin baino gehiagotan. «Azpiegiturak sobera handiak egin ditugunez, goazen etxebizitza gehiago eraikitzera egoera orekatzeko» izan da leitmotiv atzekoz aurrerakoa. Hori da etxea teilatutik hastea! Izan ere, Euskal Herriko kostaldean ez da komeni (askoz) gehiago eraikitzea: EAEko itsasertzean, hots, erkidego osoaren azaleraren %15ean soilik, biztanleriaren %60 bizi da, eta eremu eder horren arrakasta bera galbide bihurtu daiteke.
Agian beste hausnarketa batzuk egin beharko ditugu kostaldeko herriek yo-yo izaera inoiz alde batera utziko badute. Herri batek bere biztanleriaren bat-bateko boskoizteari nola edo hala eusten badio, horrek ez al du esan nahi izango bigarren etxebizitza (huts) gehiegi dituela? Zentzu horretan, biztanle erabat berriak edonola erakartzen saiatu ordez (golf-urbanizazio egartsuak eraikiz, kirol-portu padura-suntsitzaileak hedatuz…), bigarren etxe horien jabeak erakartzea litzateke helburu zentzuzkoagoa, abuztuan ez beste hilekoetan ere udalerrian bizi daitezen.
Turisten yo-yo oldea kudeatzeko gako nagusia, hala ere, lurralde-antolakuntzan datza. Berariazko mugikortasun-eredu eta ostatu emateko sistema egoki batekin, jendetza kostaldetik barnerago kokaraz daiteke, «bigarren lerroan», eta diru-sarrerak eta gastuak lurraldean zehar banatu.
Hain zuzen ere, kostaldeko udalerri batean (edo herrialdean, edo autonomia erkidegoan) erroldatuta ez daudenak herri horretara ailegatzeko garraio publikoa erabiltzera derrigortu daitezke, natura-parke batzuetan (Kataluniako Aigüestortes kasu) dagoeneko egiten den modu bertsuan. Horretarako gogoa, ekimena eta lana besterik ez dira falta.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko irailaren 3an]