Ikasturte berria martxan da jadanik, eta Boloniako prozesura egokitutako bigarren ikasketa plana estreinatu berri da EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. Azken bi urteotan, bi ikasketa plan, alajaina! Izan ere, iaz hasitako plan berria «Arkitektura Gradua» deitzen bazen ere, 2011-2012 ikasturte honetan lehen aldiz ematen hasi denak «Arkitekturaren Oinarrietako Gradua» du grazia. Aldaketa ez da hutsala. Izen berriak aitortzen du guztiok aspaldi genekien zerbait, alegia, graduak oinarrizko ezagutzak baino ez dituela irakatsiko. Ikasleek eraikinen zimendatzea ganoraz egiten ikasiko dute unibertsitatean, bai, baina hortik gorakoak, ibilian-ibilian…
… edo ordaintzen-ordaintzen, zeren eta eraiki ahal izateko (eta hemen dator plan berriaren benetako gakoa) gradua ez da nahikoa izango. Ondoren egin beharko den masterra izango da lanean jarduteko gaitasuna eskainiko duena. Hau da, eraikuntza obrak sinatu nahi dituen ikasleak, graduko 300 kredituak lortu ondoren, masterreko 60 kredituak ordaindu eta gainditu behar izango ditu derrigorrean; iaz indarrean jarritako planean gertatzen ez zena, orduko graduak ja lanerako gaitzen baitzuen.
Aldaketarako aitzakia ofiziala EDU/2075/2010 deitzen da, 2010eko uztailean Espainiako Hezkuntza Ministeriotik etorri zen agindua. Baina, egia esan, ezin da esan inposizioa izan denik, baizik eta Espainiako Estatuko ikasleen, unibertsitateen eta elkargo profesionalen zati esanguratsu baten aldarrikapenaren ondorioa. Horren lekuko, Madrilgo arkitektoen elkargoko Paloma Sobrini dekanoak idatzitako gutun publikoaren izenburua, negoziazioen emaitzaren berri emateko: «Bolonia: lortu dugu».
Hedabideetan antzerako lorpen kutsua hedatu zen: «Arkitektoek master kategoria lortu dute Boloniako planean» eta gisakoak irakurri genituen. Baina alderantzizko irakurketa ere zilegi da: arkitekturan aritzeko masterra ordaindu beharko da Boloniako planean. Hori lorpena al da?
Orduan, zergatik aldarrikatu zuen hainbeste jendek aldaketa hori? Nondik zetorren master izateko irrika? Ofizialki, arkitekto tituluaren degradazioa ekiditeko ziotik; egiaz, sentimendu gizatiar batean oinarritu zen, hein batean: inbidian. Ingeniariekiko inbidian, hain zuzen ere, haien karrera berria horrela planteatu baitzen, eta arkitektoak ezin ziren gutxiagorekin konformatu. Baina master bat egiten behartzea, pribatua zein publikoa, ezin da inolaz ere lorpen bat bezala zabaldu, hezkuntza eskuragarriarekiko fede apur bat edukita, gutxienez.
Gainera, etorkizunerako beste ilungune bat susma daiteke. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den Boloniaren barne dauden Europako beste herrialdeetan ikasi dutenak Espainiako Estatura etorriko (aditza barkatzen badidazue) direnean. Kasu askotan, 240 krediturekin bakarrik lortuko dute arkitektura gradua. Gradu hori baliozkotuko zaie? Bestela, non geratuko da Boloniaren berdintasun eredu txalotua?
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko urriaren 1ean]