Akitaniaren eta Baskongaden arteko fusio hotza

Dagoeneko aski zaila gertatzen zitzaigun hego euskal herritarroi departamendu propiorik gabeko Ipar Euskal Herriarekin harreman instituzionalak garatzea, eta hara non orain, Pirineo Atlantikoekin borrokatzeaz gain, Akitaniako beste lau departamenduekin ere negoziatu beharko dugun. Behintzat baskongadook, zeren eta Sanzek eta Barcinak Nafarroa Garaia euroeskualde berriaren operaziotik kanpo utzi dute, akaso Pirinioz gaindiko 2×2 autobidearen aferagatik oraindik erretxinduta. Munta handiko politikaren ajeak.

«Mundu global honetan, eskualdeok bat egin behar dugu, erabaki garrantzitsuetan parte hartzeko» esan zuen Lopezek eskualdearen sorrera-ekitaldian, iragan abenduaren 12an, irakurketa geopolitiko handien lilurak itsututa. Baiona-Donostia Euskal Eurohiria deitua antolatzeko arazoak aski ez, eta orain EAE baino ia sei aldiz handiagoa den eta %50 biztanleria gehiago duen Akitaniarekin Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea osatu dugu. Eskualde berriak «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» du grazia. Arraroa da gero moda-modako tautotoponimo errepikakor horietako bat aukeratu ez izana, l’Eurorégion Eskualdea, esaterako (gogoratu euskaldunontzat irrigarria den Kutxa Bank izena). Gaitzerdi.

Euroeskualde berria ez da izango Euskal Herria artifizialki zatitzen duen mugaren bi aldeak kontuan hartuko dituen lehen erakundea. Jada mugaz gaindiko hainbat proiektu sortu dira Eskualde Garapenerako Europar Funtsak sustatutako Interreg ekimenari esker. Hortaz, zertarako behar da beste erakunde bat? Nekez aurkituko dugu erantzun garbirik Lopezen hitzaldi hutsalean. Estatutuen 6.2 artikuluak argitzen digu kezka, ordea, zereginen eta jarduera-eremuen lehen adibidean bertan: «eskualde bien arteko komunikazioak hobetzea pertsona eta salgaiak eramateko, batez ere, irisgarritasuna areagotuta eta ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatuz». Honezkero badakigu lerro artean irakurtzen, ezta? Abiadura Handiko Trenaz ari dira, noski. Bestela, azalpen argiak maite dituztenek, Alain Rousseten hitzaldia irakurtzea baino ez dute. Honakoa, adibidez: «L’enjeu est clair: il nous faut mener à bien la construction et l’interconnexion d’un réseau de lignes à grande vitesse de part et d’autre des Pyrénées. C’est un chantier prioritaire». Garden-gardena.

Logikoa da lurraldea egokiro antolatzeko erakunde gero eta handiagoak sortzea. Funtsean, zentralismoa ikuspegi integralen aldekoa da. Beti bezala, jarduera-eremuaren mugan datza arazoa. Hala ere, balizko kontraesan gehiago dago: behin eremua finkatuta (kasu honetan, EAE eta Akitania), lurralde bakar baten moduan antolatzea litzateke helburua. Arazoa agerikoa da, ordea: Konta ezazue euroeskualde horretan zenbat aireportu dagoen, zenbat portu, zenbat… Eskualdearen osotasuna aintzat hartzen ez bada, fusioa ez da hotza izango, izoztua baizik.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko abenduaren 24an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude