Zerbait mugitzen hasia da arkitekturaren euskarazko argitalpengintzan azken urteotan. Euskal Herriko Unibertsitateak itzulpen oso interesgarriak kaleratu ditu: Paricioren «Arkitekturaren eraikuntza» (2005), Solà-Moralesen «Hiri-hazkunde motak» (2008), Chingen «Arkitektura-hiztegi irudiduna» (2009) eta Morrisen «Hiri-formaren historia» (2010) dira aipagarrienak. Estrategikotzat jo daiteke lan klasikoen euskaratzea, eta EHUk emeki baina segurki dihardu horretan. Edo, beharbada, ziharduen esan beharko da hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak EHUri ia 5 milioi euroko murrizketa oparitu baitio 2012rako aurrekontuetan. Agian ez da hainbesterako izango, baina kontuan edukita 12 milioi euroko igoera agindua ziola eta iaz beste 5,2 milioi euro moztu zizkiola, ez da giro unibertsitate-bikaintasunerako. Beste hainbat kontuk bezalaxe, arkitekturako itzulpenek ere makalaldia nabarituko dute, ziurrenik. Eta, bitartean, nor ari da sustatzen arkitekturako euskarazko berezko sorkuntza? Nor ari da bultzatzen euskaraz pentsatu eta idazten den arkitektura, itzulpengintza baino are funtsezkoagoa dena? Bada, azken urteotan plazaratutakoari erreparatuta, nagusiki erakunde bakarraren ardura dela ondorioztatzen da: Udako Euskal Unibertsitatearena. Horra hiru adibide: Nuria Monasterioren «Eraikuntzako materialak» (2009), Joseba Arbaizaren eta Peio Lozanoren «Lurralde-antolamendua Euskal Herrian: gaur egungo egoera, gatazkak eta erronkak» (2010), eta 2009ko amaieratik hiru hilero kaleratzen den «Aldiri» arkitektura-aldizkaria.
Ez dago ukatzerik: beste hainbat arlo akademikotan bezala, UEUren zeregina erabakigarria izaten ari da arkitekturaren euskarazko zabalkundean ere. Bada, hori ere kolokan jarri dute Eusko Jaurlaritzaren 2012rako aurrekontuek, 1998az geroztik urtero zuen partida izendun osoa kendu baitiote UEUri, iaz ia 178.000 eurokoa izan zena. Ez da giro ezta euskarazko berezko sorkuntzarako ere, beraz.
2012rako aurrekontuetako partida garrantzitsu guztien murrizketa krisialdiari egotzi zaio. Gerrikoa estutu omen beharra dago… oh, wait! Bada partida bat %27,3 igo dena! Ezetz asmatu zein den? Abiadura handiko trenarena, noski. Soilik Arrasate eta Irun arteko plataforma eraikitzeko 350,7 milioi euro gorde dituzte Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan, alajaina! Konparazio baterako, Euskal Herriko Unibertsitate osoari 331,2 milioi euro zuzendu dizkiote, ia 20 gutxiago.
Lehentasunak oso garbi daude zenbakietan, hortaz, baina ez hain argi diskurtsoetan. Aurrekontuek diotena diotela, ezagutzaren gizartean gaudela esaten zaigu behin eta berriz, paradoxikoki.
Hori dio, esaterako, EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aldaketak (aurrekontuak onetsi baino hileko bat lehenago, azaroaren 23an, Lurralde Antolaketaren Batzordearen aldeko txostena jaso zuena). LAGen aldaketak dio ezagutzaren gizartea eraikitzeak eskatzen duela «unibertsitate eta ikerketa-zentro publiko eta pribatuetan inbertsioak egitea». Bada, ez goaz norabide horretan.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko urtarrilaren 21ean]