Supercasas

Duela egun batzuk, lagunarteko elkarrizketa batetan:

  Aizue, ikusi al duzue etxe izugarri modernoak erakusten dituzten telebista
programa hori? Ziur zuk ezagutzen duzula, arkitektoa izanik…

  

“Supercasas” uste dut deitzen dela, arkitekto batek, berak egindako etxeak
erakusten ditu. Arkitektoa, Julian…

  Joaquín Torres

  Hori da, ezagutzen duzu ezta? Tipo xelebrea bera… Baina bere arkitektura…
Hori bai dela arkitektura modernoa; espazio irekiak, materialen erabilera…

 

Bere berotasun eta zirraran deskribapenarekin jarraitzen zuen neurrian,
beste lagun batzuk batzen joan zitzaizkion.

Koadrilakoen artean arkitekturazko gaiez hitz egiteko zaletasuna ez dut
inoiz izan, seguraski pedante itxura ematearen beldur. Egun hartan ordea, hizketa
aurrera zihoan neurrian, nire ezinegona eta amorrua ere handitzen joan ziren
eta azkenean galdera zuzen bati ihes egin ezinik:

Tipo hori eta bere “arkitekturari” buruz pentsatzen dudana, nahiago dut ez komentatzea…

 

Bota nuen, komatxoak atzamarrez irudikatuz gainera…

Elkarrizketa hemen bukatzea lortu nuen noski, baina lagunen aurrean baldar
desatsegin bat bezala gelditzea ere.

 

Egun batzuk pasa dira eta solasak utzitako sentipen mikatzak jarraitzen du.
Nire arlotik kanpo dagoen jendearen aurrean, arkitektura eta hirigintzaren
inguruan arduratzen nauten gaiei buruz hitz egiten ez dakidanaren irudipena
daukat. Ez da bakarrik sasijakinaren irudia emateko ikara; ez naiz niretzako
hain funtsezko eta oinarrizko diren arloak hitz soiletan azaltzeko gai. 

Bide batez, ez da niri bakarrik gertatzen zaidan auzia. Ustez, arkitekto
eta hirigileok, gizartearentzat lan egiten dugu, baina gizarteak gure lanaren
beharra sentitzen al du?

Arkitektoek sare sozialetan jarraitzen dituzten profil gehienak beste
arkitektoenak dira. Gure idatzi, publikazio eta mintzaldiak, arkitektura eta
hirigintzan adituentzat daude zuzenduak. Arlotik kanpoko kideen arteko zabalkundeari
ez diogu erreparatzen eta ondorioz gizarteak ez du gure lanaren eta kezken berri.

Argiñano arkitekto bat beharko genuke…


2 Comments

  1. Asko gustatu zait zure hausnarketa, Mikel. Identifikatuta sentitu naiz.

  2. Aipatzen duzun Supercasas programaren ildotik telebistan modan jarri dira etxeen birdiseinuak sei egunetan egiten dituztenak: Los asaltacasas(http://www.hgtv.ca/homeheist/) edo munduan zehar etxe ekologikoei buruzko programa arkitekto batek gidatua: Casas ecológicas (http://www.decasa.tv/programa/casas-ecologicas)

    Ez dakit asko arkitekturari buruz baina aipatzen duzun hau kontuan izanik: “gizarteak ez du gure lanaren eta kezken berri”, zuen arloko ikusgarritasuna aregotzea ez litzateke gaizki egongo ez, eta Argiñanorik gabe ere posible da, seguru! 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude