Jakina da Lurralde Antolamendurako Artezpideen (LAA- DOT erdaraz) aldaketa-dokumentuaren hasierako onespena urte honetako otsailean izan dela eta horregatik egun alegazio fasean daude. Gure harridurarako, ekaineko hilabete honetan Eusko Jaurlaritzak prozesu parte hartzaile bat jarri du martxan. Bai, orain, behin dokumentua egina dagoenean. Batek esango du, herritarren parte hartze hau denboraz kanpo dagoela eta erabakiak hartu baino lehen egin behar dela, beste batek susmo txarra hartu diezaioke proposamenari eta parte hartze prozesu honek Jaurlaritzak burua zuritzeko besterik ez duela balioko iritzi dezake, edo proposamena bide onetik hartu eta gaizki bideratutakoari erremedioa jartzen ari direla pentsatu. Horrela adierazi zuen Atxukarro Sailburuordeak Donostian lan-mintegiaren lehen saioan, parte hartzearen ondorioz balitekeela dokumentuak aldaketak jasatea.
Gea 21 taldeak gidaturik, 3 herrialdetan egun bateko lan-saioak antolatuko dituzte. Donostian hilak 8an izan da dagoeneko, eta hurrengokoak Durangon eta Agurainen gertatuko dira. Lurralde bakoitzeko 4 eragile talde desberdinetako hiritarrak izan dira deituak saioetara: eragile sozialak, eragile ekonomikoak, administraziokoak eta teknikariak. EASW metodologian oinarrituz, 2 ariketa proposatzen dituzte: 2022ko Euskal Autonomi Erkidegoaren irudikapen positibo baten ezaugarriak definitu lehenik, eta bigarrenik gai partzialak hartuta (ingurugiroa, mugikortasuna, hiri-sistema, ekonomi jarduerak), proposamen konkretuak eman eredua aurrera eramateko. Lan-taldean gaiok hitzegin ostean, amankomunean jartzen dira talde guztien iritzia ezagutzeko.
Donostian bildutakoon artean, mahai gainean den LAA dokumentu- proposamenaren gainean ez jardutea harriduraz jaso genuen. Hau da, jakina bada parte hartze prozesua erabaki garaian egin behar dela, orain egitearen helburuetako bat egindako dokumentuaren kritika eraikitzailea egitea izan zitekeen. Proposatutako lan-metodologiak berriz parte hartze prozesuaren erabilgarritasuna eta eraginkortasuna krisian jartzen du. Parte hartze prozesua egiteari bai, baina nola gauzatzen den ere oinarrizkoa gertatzen da bere baliagarritasuna epaitzeko.
Baina prozesu parte hartzaile eraginkorra oso kostakorra da, bai diruz eta bai denboraz. Baldintza hauek aintzat hartzen ez badira, prozesuan beran sinisten ez dugula esan nahi du. Bestalde, Lurralde Antolamenduaren konplexutasuna kontutan izanda, egun bateko luzapenaren egokitasuna ere, kolokan jartzekoa da. Goizetik 3 ordu eta beste 3 ordu arratsaldez, eztabaidatarako lekurik ez da. Aste bat edo gehiagoko iraupena beharko luke seguraski, jendearen parte-hartzea lortzeko duen zailtasunarekin. Ostiraleko saioan administrazio eta teknikari aunitz ziren, baina eragile sozialetik etorritakoak, oso gutxi, aski esanguratsua dena.
Lan-mintegian asko haserratu zenik ere izan zen. Lan-metodologiaren “jolasean” sinisten ez zuelako. Egun bateko saioan, gaiak eskatzen duen sakontasuna arinkeriaz eta sinplifikazioz jorratzeko beste biderik ez dagoelako.
Parte hartze prozesuak oso erabilgarriak izan daitezke, dudik ez. Baina jorratu beharreko gaiaren inguruko informazioa elaraztea klabea da prozesuaren emaitza kalitatezkoa izan dadin. Lurralde Antolakuntza, gure herriak hainbeste baldintzatzen duen gaia izanik, nolatan ez da telebista eta irratian informatzen? Nolatan ez dago eztabaida kalean?
Lan-saioaren ondoriorik nabariena zera izan zen gehiengoaren adostasuna zegoela EAEko barne-mugikortasunaren arazoa lehen mailakoa dela onartzerakoan edota lehen sektorearen berpiztea beharrezkoa dela hala nola politikarien konpromisoa behar dela interes politikoez haratago herrialdearen onurarako apustua egiteko. Orokorkerietan denok lagun, bada pausu bat dena dela. Baina adospen maila handi hau, filosofia eta gai orokorretan dagoen arren, hauen praktikaratze-akzioetan gertatzen da arazoa. Akaso, horrek beste parte hartze prozesu baterako beharra eskatzen du.