Birdentsifikazioaz

Imajinatu zure ametsa hiriko parke eder baten aurrean bizitzea dela; zure etxeko leihotik porlana ez den zerbait ikustea. Imajinatu gogotik lan egin eta gero diru nahikoa aurreztu, eta, azkenik, hipoteka-mailegu baten laguntzaz, auzo berri bateko berdegune zabalaren aurrean etxebizitza hori erostea lortu duzula. Imajinatu orain etxe berrira lekualdatu eta bi urtera, egunkariak aldaketatxo baten berri ematen dizula: parkean bederatzi solairuko hiruzpalau etxebizitza-dorretxo eraikitzeko baimena eman du udalak. Bada, hori ez da Marbellan edo Andratxen gertatzen ari, Gasteizen baizik.

Birdentsifikatzea deitu diote asmakeriari. Berriz dentsifikatzea edo. Zeregin horretarako iraunkortasunaren aitzakia erabili baita. Ekologiaren izenean, Lautada osoa bete arte gehiago hedatu barik, “barnera haztea” da orain Gasteizko politikari gehienek errepikatzen duten mantra. Hutsuneak trinkotzea. Ideiak, berez, ez dirudi txarra: lurzorua alferrik ez galtzeko, ahalik eta hiri dentsoenak garatzea. Baina, zergatik konturatu dira orain, Lakua bezalako dentsitate nahiko txikiko auzotzar hotza aspaldi egina zutenean? Zeren eta, erne, ez gaude soilik lauzpabost eraikini buruz hitz egiten: 2000ko Plan Orokorrean ez zeuden 15.000 etxebizitza berri inguru eraikiko dira hiriburu “berdeko” Salburua eta Zabalgana auzoetan, birdentsifikazioa delako prozesu ustez ezinbestekoan.

Gainera, bi zatitan gauzatu behar izan da Gasteizko birdentsifikazioa, ez baitute lehenengoan asmatu. Salburua eta Zabalganako sektore dezenteko urbanizazioa eta eraikuntza ia amaituta zegoenean, gasteiztarron harridurarako, teknikariak eta politikariak konturatu ziren dentsitate gutxikoak zirela, hau da, hektareako etxebizitza gutxiegi eraikia zutela. 600 hektareako azaleran 21.742 etxebizitza zeuden “bakarrik”. Horrek eragingo luke udalaren gastuak dezente handitzea, eta, Madrazok zehaztutako babes ofizialeko erreserbekin, gainera, eraikitzaileen mozkinak ohi baino txikiagoak izatea. Hori “konpontzeko” lehen birdentsifikazioa adostu zen 2004an, 2.831 etxebizitza gehiago eraikitzeko aukera irekiz.

Baina hori gutxi ez, eta, bi auzo horiek oraindik jasangarriago egiteko bigarren birdentsifikazioa onetsi zen 2008an: Plan Orokorraren bi aldaketa partzialen bidez, 1.060.856,7 m2 etxebizitza gehiago eraiki ahal izango dira. 100 m2-ko tamaina edukiko balute, 10.608 etxe gehiago lirateke, baina, ikusiak ikusita, askoz txikiagoak eta, ondorioz, ugariagoak izango dira. Eta hori guztia, Plan Orokorra berrikusi gabe, alajaina!

Hiri dentsoak behar ditugula? Jakina. Gaur egun ez da zilegi hektareako 65 etxebizitza baino gutxiago planifikatzea. Gainera, Euskal Herria hain txikia izanda, ez dago trinkotzea beste erremediorik. Herbehereetan bezala. Baina gauzak bere garaian pentsatu behar dira. Eta ondoren arduraz jokatu. Bestela, nola da posible politikari eta teknikari berak izatea arazoa sortu zutenak eta hari irtenbidea eman behar diotenak?

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko ekainaren 16an]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude