Kostaldearen liberalizazioa

Shockaren doktrinari buruzko aipamenak entzuteaz nekatuta gaude jada, baina zaila da Naomi Kleinen metaforak baino argiago azaltzea gertatzen ari dena. Minbizi ekonomikoa hedatu da eta premiaz operatu beharra dago, herri xehea, shock egoeran dagoena, esnatu baino lehen. Uda hasi bezain pronto izan genuen azkenaurreko operazioaren berri, eta, betiko legez, neurri liberalizatzaileek osatu dute sendagaia, baita lurralde-antolakuntzaren alorrean ere: Espainiako ministroen kontseiluak 1988ko kosta-lege babesgarria goitik behera aldatzeko aurreproiektua onetsi zuen iragan uztailaren 13an, hedabideen jomugan olinpiar jokoak zeudela profitatuz.

Onetsitako testuak hasierako zioen azalpenetik jada aitortzen du erreforma sakona dela eta segurtasun juridikoaren izenean idatzi dela betiere (esan nahi baita interes partikularren segurtasunarenean, kostaren natura-balioa babesteko interes ekologikoen gainetik).

Horren erakusgarri da lurzoru publikoetan dauden eraikinetarako kontzesioen luzapen nabarmena: 1988an eraikin ilegal horiei 30 urteko barkamena eman zitzaien (60koa ere, hainbat kasutan), eta, orain, beste 75 urteko luzapena emango zaie, gainera, kontzesioak saltzeko aukera ahalbidetuz. Aldaketa kezkagarri horrekin estatuaren diru-bilketa jarraitua bermatu nahi da (kanon bat kobratuko baita kontzesioak luzatzeagatik), jabego publikoaren pribatizazio mozorrotuaren bidez.

Bestetik, kosta babesteko zor-eremuaren zabalera 100 metrotik 20ra jaitsi ahalko da bai itsasadarretan bai urbanoak izateko baldintzak betetzen dituzten lurzoruetan (nahiz eta juridikoki urbanoak oraindik ez izan). Lehendik zegoena nahikoa ez balitz, lurzoru urbanizaezina birklasifikatzeko oraindik hirigintza-presio gehiago mahaigainean, hortaz.

Amnistia politikoaz hitz egin nahi ez duen gobernu bat izateko, amnistia ekonomiko gehiegitxo ematen ari da PPren gobernua. Aurrena, zerga-iruzurgileentzat; oraingoan, kosta-lege berri honen bidez, jabego publikoan eraikita zeuden hamar herri-zatirentzat (Alacant, Girona, Huelva, Málaga eta Valentziako probintzietakoak). Hamar urbanizazio amnistiatuen zerrendaren arbitrariotasunak (aurreproiektuan ez da ezertxo ere arrazoitzen) konstituzioaren aurkakoa izateko zantzu guztiak ditu, baina hori gutxienekoa da. Horietako bakar batean, esaterako, Gironako Empuriabravako marina negargarrian (Europako handienetakoa), 5.000 erasandako inguru egon daitezke, gehienak atzerritarrak. Almeriako Algarrobico hondartzako hotel famatua amnistiatu ez duen arren, legez kanpoko zenbat etxebizitza legalizatuko ditu guztira kosta-lege berriak?

PPk amnistiatuko duen Empuriabrava urbanizazioa (Girona, Katalunia).

Azkenik, legearen aldaketako beste kasu bitxi bat: Formentera uhartearen itsas-lerroa berriro mugatu beharko da. Malgutasunaren (liberalizazioaren) aldera, jakina. Non eta alemaniar turismoaren jomuga berrian, Mallorca eta Ibiza etxetxoz bete ondoren. Horretaz jardungo al zuten Raxoik eta Merkelek aste honetan?

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko irailaren 8an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude