Lasai baino lasaiago bota du. Patxada ederrean. «Etxe gehiago eraikitzea eta hipoteka-mailegu gehiago ematea da kaleratzeko arriskuan dauden pertsonak babesteko modua». Horixe, Espainiako banku-patronalaren lehendakari Miguel Martínek duela egun batzuk publikoki botatako perla. Denok kaleratze-oldearekin kezkatuta, eta hara non irtenbide jeniala begien aurre-aurrean genuen: etxe gehiago eraikitzea. Suari egur gehiago botatzea, alegia, Marx anaien Mendebalde Urruneko tren zoratu hartan baino oraindik modu suizidagoan. Hain da horrela, ezen Sustapen Ministerioko Rafael Catalák ere gogorarazi behar izan duen Espainian gutxienez 700.000 etxebizitza daudela salmentan (Mediterraneoaren kostaldean, gehienak). Aukeran nahikotxo, bolada luze baterako.
Bizitegien inguruko tragikomedia espainiarra ez da hor amaitzen. Hain zuzen, saldu ezinik dauden etxeen stock handi hori murrizteko asmoarekin, «una, grande y libre» den lur puska horretako herritar izatea ere etxebizitzen salmentarekin erlazionatu dute egunotan. Alderdi Popularraren gobernuak neurri bitxi bat ikertzen ari dela iragarri baitu: 160.000 euro baino gehiagoko etxebizitza bat erostearen truke espainiartasuna ere salduko omen die atzerritarrei. Aldrebes ere uler liteke, noski: espainiartasuna 160.000 euroren truke erosterakoan, etxe bat oparituko zaie atzerritar dirudunei. Hori da hori lotura zuzena espainiar nazionalitatearen eta adreiluaren artean!
Eta hori gutxi balitz, Lehman Brothersen kontseilukide ohi Luis de Guindos Ekonomiako ministroak Espainiaren historiako higiezin-agentziarik handiena (eta, hortaz, Europako egungo handiena ere) sortu du hilabeteotan: bankuen berregituraketatik eratorritako aktiboak kudeatzeko sozietatea (SAREB). Batzuk oraindik «banku txarra» deitzeko tematzen diren arren, SAREB ez da bankua, higiezinen agentzia erraldoia baizik. Kapital publikoz aski hornitutako enegarren sozietate anonimoa, hain zuzen. Bertan salduko baitira diru publikoz erreskatatutako edo nazionalizatutako bankuen (Bankia, CatalunyaCaixa, Novacaixagalicia eta Banco de Valencia) etxetxo «toxikoak». Jada bukatuta dauden 89.000 etxebizitza. Eta adreilu hori guztia gainetik kentzeko 15 urteko epea edukiko du SAREBek. Baina, bistatik kendu beharreko aktiboen artean, lursail dezente eta amaitu gabeko urbanizazio ugari ere badaudenez (13 milioi lurzoru m2, azkenean beste 4 milioi etxebizitza berri ekar ditzaketenak), higiezin-agentzia izateaz gain, SAREB etxe-sustatzaile eta eraikitzaile ere bihurtuko da. Alegia, Europako enpresa eraikitzailerik handiena. Laburtzeko: porrot egin duten bankuak dirurik ez duen gobernuarekin elkartu dira (bestelako inbertsore pribatuekin batera), beren etxeetatik kaleratuak izaten ari diren herritarrei beste etxe batzuk saltzeko. Malo!
Ez da harritzekoa, hortaz, haragi ustelaren usainak erakarrita, higiezin-funts, enkante-etxe eta bestelako «putre-funts» estatubatuarrek Europara (Espainiara, zehazki) salto egitea erabaki berri izana. Kennedy Wilson enpresa handikia, esaterako, uztailean ezarri zen Madrilgo Castellanan, eta, dagoeneko, Murtziako golf-urbanizazio ustez esklusibo bateko 50 etxe jarri ditu enkantean, pasa den urrian. Jatorriz 120.000 eurotan saltzen ziren etxe txikienak 33.000 euroren truke errematatu dituzte orain. %72ko beherapena, alajaina!
Nola da posible, bada? Zer banku ote zegoen saldu ezin ziren adreilu puska horien atzean? A! Espainiako Erresumako basailu guztien diruz erreskatatutako CatalunyaCaixa! Diru-galerak dira berriz ere egiazki sozializatuko direnak, inbertsore pribatuek etekin gordinak atera bitartean. Horixe izango da SAREBen jarduteko sistema. Espainia salgai dago, eta ez soilik metaforikoki. Eta gure zatia erosiko bagenu?
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko abenduaren 1ean]