Eraikuntza sektorea krisian izateak lan egiteko modua birplanteatzera eraman gaitu berriz ere. Batetik, antzinako modu tradizionalaren aldeko korrontea dugu. Eskulana eta prozesatu gabeko materialak bultzatzeko nahia ageri da. Bestetik, teknika berriak txertatzearen alde egiten du jende askok. Software edo fabrikazio automatizatuaren zaleak dira hauek.
Teknikatik haratago doazen inplikazio sozioekonomikoak eragiten ditu korronte bakoitzak. Esate baterako, lanaren eta produkzioaren automatizazioak langile gutxiagoren beharra ekartzen du. Koste aldetik eraginkorra izan daiteke. Baina gaur egungo langabezia tasa altua murriztea nahi duenarentzat, beharbada, automatizazioa ez da biderik atseginena.
Bestalde, eskulanean oinarritutako eraikuntza masiboak, baldintza kaxkarretan lan egitera behartu izaten du, tamalez, askotan. Kualifikaziorik gabeko eta koste baxuko langileak erabiltzea nabaria da gure testuinguruan eta baita atzerrian ere. Adibide garbia Pertsiar Golkoan ikus daiteke gaur egun. Bertako eraikitzaileak inguruetako eskulan merkeaz profitatzen dira. Lan eguna 20 euroren truke lortuaz. Esklabutza kasuak salatu dira.
Eskulana erabiltzen duten adibide interesgarri berriak edo “berriztatuak” ere badaude, auto-eraikuntza esaterako. Kasu hauetan, gainera, parte-hartze sistema egokiekin kudeatuak izaten dira askotan. Errekurtso gutxirekin eta tresneria arrunta bezain sinplearekin eraiki dute auzolana bultzatuz. Auto-eraikuntza orokorra egiteko, ordea, mugak izan daitezke. Azken batean, espezializatu gabeko jendeak eginiko produktuak baitira eta ekintza edo akzio ugari jasateko ez baitaude prestatuta gehienetan.
Badira, noski, tarteko bideak. Prozesu batzuk eskuz eta beste batzuk automatizatuak egitea, alegia. Normalean, masiboki ekoitzitako produktuak, obran bertan manipulatzen eta egokitzen dira. Gauza da, gure gizarte geroz eta formatuago eta teknifikatuan, obran eskulanean ibiltzeak ez duela gazte ugari erakartzen. Lan pisuak eta arriskutsuak zailak izaten dira ordenagailu aurrean behar egitera ohitua denarentzat. Lanik gabe dagoen arkitekto zein ingeniari ugari obran jarduera eta errespontsabilitate gehiago hartzera prest legoke, fabrikazio eta muntaia sistema aurreratuak egongo balira. Alegia, eraikuntza, 3Dtan inprimatzea bezain erraza izango balitz, gure lankide askok gustura egingo lukeen lana litzateke. Baina hau guztia zientzia fikzioa izan daiteke, eraikuntza obraren teknifikazioak inbertsio handiak eskatzen baititu. Kreditu eskasia muga handia izan daiteke teknika berriak garatzeko.
Hortaz, zein izango da zure aukera, eskuz ala makinaz?
Zenbaki honetan parte hartu nahi izatekotan, bidali zure ekarpenaren abstract edo laburpen bat (250 karaktere gehienez, hutsuneak barne) hurrengo 2013ko abenduaren 31 baino lehen honako helbidera: aldiri.aldizkaria@gmail.com.
Onartutako artikuluak jasotzeko azken emate-data: 2014ko martxoaren 8a.