Kuriositate nabarmena piztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak atzo eta herenegun antolatutako «Lurraldea eta hizkuntza» jardunaldiek. Ez da gutxi. Plazaratutako gaia berri samarra den seinale. Hirigintzaren alorrean, bederen, zeren eta aspalditik dabiltza ohartarazten hazkunde urbanistiko berrien kalteez euskal hizkuntzalaritzaren eremuko hainbat aditu; Mikel Zalbide, Erramun Baxok, Roberto Manjon, Eduardo Apodaka eta Koldo Izagirre, besteak beste, ibili dira modu batera edo bestera salatzen hiri-eredu berriek eragindako distortsio soziolinguistikoak. Hirigintzaren alorrean hartutako erabakiak ez baitira neutroak: sekulako eragina dute herritarron eguneroko bizitzan, eta, horrek, azkenean, egoera minorizatuan dagoen hiztun-komunitate bat hautsi edo hausten lagun dezake.
Hirigileak dira harreman hori hain argi ikusten ez dutenak. Arraroa, kultura-ondareaz eta tokiko identitateaz azken boladan hainbeste hitz egiten duen gremio baterako. Antza, hirigile gehienentzat eraikinek eta naturak soilik osatzen dute ondarea. Hirigintza-planak gelditu edo eraldatu izan dira Igeldoko igeltxoagatik (Donostiako Ibaetako industrialdea), europar bisoiagatik (Ondarroako Aieriko auzoa) edo paduretako ornogabeengatik (Plentziako eta Barrikako Txipioko urbanizazioa), baina Homo vasconicus gaixoaren habitata goitik behera desnaturalizatzeak ez du ia inor kezkatzen. Baina Homo (eta Mulier) vasconicus espezie setatsua, nomadak ez diren zerupeko izaki guztien moduan, lurralde jakin batean bizi da, espazio fisiko zehatz batean: Euskal Herria deitzen duten horren iparraldean, hots, ipar-isurialdean. Eta, bereziki, euskararen arnasguneak diren herri txiki eta ertainetan, non euskaldunen ehunekoa %70ekoa baino handiagoa den, eta, beraz, euskara hizkuntza nagusitzat jo daitekeen.
Hizkuntza-komunitate trinko horietarako hirigintza-plangintza da bereziki arretaz aztertu beharko litzatekeena. Kuantitatiboki eta kualitatiboki. Kuantitatiboki, batetik, euskararen arnasguneen hazkunde urbanistiko azkarra arras kaltegarria delako kasu gehienetan (1950eko eta 1960ko hamarkadetako espainiar etorkin-oldearekin gertatutakoa ikusi besterik ez dago). Eta kualitatiboki, bestetik, azken hamarkadotan Euskal Herrian (ere) bultzatzen ari den hirigintza mota —zeinak zonifikazioaren hiri barreiatua sustatzen duen (etxebizitza familiabakar hesituak, gizatasunik gabeko merkataritza-zentro erraldoiak, azpiegitura gero eta azkarragoak)—, kaleko ohiko giroaren eta, ondorioz, ahozkotasunaren aurka doalako: espainieraren, frantsesaren eta euskararen ahozkotasunaren aurka, bai, baina argi dago zein den hiru hizkuntza horien artean hauskorrena.
Kontuz, ez da eskatzen hirigintzaren eztabaidaren erdi-erdian egotea hizkuntzaren afera. Eremu euskaldunetako hirigintza-planetan, gutxienez, kontuan hartzea baizik, beste hainbat gairekin egiten den bezala. Tokiko kultura-ondarearen hobe beharrez besterik ez bada ere.
Unai Fernandez de Betoño
Oharrak:
* Artikulua hau jardunaldiak garatu baino lehen idatzitakoa da. Artikulua GAUR8n argitaratu da 2014ko urtarrilaren 18an.
* Ikus jardunaldiei buruzko beste kronika batzuk: BERRIAn (Oihan Vitoria), ARGIAn (Onintza Irureta), KARKARAn (Jabier Zabaleta).
* Ikus, halaber, jardunaldietako ondorioak eta etorkizunerako erronkak, UEMAren webgunean edo Kontseiluarenean (datozen egunotan osatuko dira jardunaldietara bertaratutakoen ekarpenekin).