Berriki Pasaiaren Dekretua onartu egin da EAEn, haren bitartez Paisaiaren Europako Hitzarmenaren (PEH) irizpideekin bat egiten dela adieraziz. PEHaren ezaugarri garrantzitsuena bertan egiten den paisaiaren definizioa da, edozein eremuri paisaia izaera aitortuz, baita edozein lurraldeko jendartearen iritzi eta hautemateak paisaiaren osaketan duen pisua nabarmenduz. EPHak, eta Dekretuak, eskuartzeko irizpideak —babesa, antolamendua eta kudeaketa— eta instrumentuak —Paisaiaren Katalogoak, Zehaztapenak, Ekintza‐Planak eta Paisaian integratzearen azterlanak— zehazten ditu. Nola aplikatzen dira paisaia mota ezberdinetan irizpide horiek?
Batzuen ustez, dekretua gainkarga administratibo eta tresnen bikoizketa bat da, eta beste batzuentzat lurraldea ulertzeko eta lantzeko beharrezkoa den ikuspegi zabalago eta zehatzagoa ekarri du. Alemanian esaterako, ez dute PEHa sinatu, uste baitute bertako ingurumenaren legedia nahikoa dela paisaia babesteko. Horrek zera planteatzera garamatza: paisaia, babesgarria den ingurumenaren ezaugarri bat besterik ez al da? Maiz lotu da paisaia naturarekin, baina oinarrian kulturaren araberakoa den kontzeptua dela onartuta dago; ezagutzen al dira behar bezala euskal paisaia kulturalak? Era berean, hiri-paisaiez, paisaia industrialez, hondarreko eta bazterreko paisaiaez ere ugari hausnartu, idatzi eta diseinatu egin da. Beste hainbat hari ere lotzen zaizkio gaiari, hautematearen ikuspegitik paisaiaren eraikuntzan eta ulerkeran subjektibitateari, zentzumenei eta irudikapenari ematen zaion garrantziarekin.
Aldiriren 24. Zenbaki honek aipatutakoak baita beste batzuk ere lantzen dituzten ekarpenak bildu nahi ditu, esaterako:
- lurralde-antolamenduaren eta Paisaia Dekretuak / PEHk ezartzen duenaren artean sortzen diren bikoizketen, talken edota ekarpenen eta hobekuntzen inguruko kritikak, hausnarketak, argudioen adierazpenerako adibide praktiko esanguratsuak eta abar; zer ematen dio lurralde-antolamendu eskalak paisaiari? Eta alderantziz?
- paisaia mota ezberdinen kasuan babesa, antolamendua eta kudeaketa irizpideen edota plangintza instrumentuen ezarpena eta egikaritza bilatu duten kasu praktikoak eta horien inguruko hausnarketak; babestu al daiteke paisaia degradatu eta kutsatu bat? garatu al daiteke paisaia natural edo kultural bat?
- paisaiaren bestelako definizioak eta tipologiak lantzen dituzten ikerketak, adibide praktikoak, hausnarketak
- paisaiaren eraikuntzan subjektibitate eta kolektibitate ezberdinek duten parte‐hartzea jorratzen duten ereduak edota ikerketak
Zenbaki honetan parte hartu nahi izatekotan, bidali 300 hitzeko laburpen bat apirilaren 30erako, eta onartuz gero, zure artikulua hurrengo 2015eko uztailaren 1a baino lehen.
Artikulua idatzi baino lehen, eska ezazu berau idazteko txantiloia.
Halaber, mezuaren izenburuan edo gaiean idatz ezazu: “24. zbkia: Badator paisaia”.
Bidalketak egiteko, zein zalantzak argitzeko, idatzi hurrengo helbidera: aldiri.aldizkaria@gmail.com