Munduaren ezagutzak patata batekin zerikusia du. Argudio honen defentsan agertu zen Emmánuel Lizcano Cristina Enea fundazioak antolatutako “Nekazaritza eta modernitatea” jardunaldietan.
Patatari begirada zorrotzarekin so eginez gero, egunerokoaren hainbat gertakizunen politika-dinamika bertsuak aurkituko ditugu.
Patata tuberkulu herrikoia dugu, pobreen janaria izan baita mende askotan, glamourrik gabeko elikagaia hain zuzen ere. Patataren laborantza esperientzia-istorio luzea da. Baina nekazaritzako beste elikagaiekin gertatu den bezala, zientziak bere gain hartu du hauek hobetzeko erantzukizuna. Sekula laboratu ez duen zientzialariak, elikagaia isolatu eta bere testuinguruaren baldintzak murrizten ditu, argudio arrazional argi eta ulerkorren bidez naturaren nolakotasuna munduari azalduz. Eta azalpen hauekin mundua irudikatzen dugu.
Baina errealitatea konplexutasuneko jakintza sarea da. Elementuak nahasian eta elkarrekin daude harremanetan, komunikatzen dira, kualitate anitzez jantzirik. Zientzialarien patatak ez du lurrazpiko dibertsitatearekin zerikusi handirik. Baina gure egia zientzialarien bidez eraikitzen dugu, horrela irakatsi digutelako.
Patataren ezagutza lur azpian gordetzen da, badaezpada.