Alternatibak irudikatzen
Otsailaren 8 eta 9an, EHUko Sarrikoko Areto Nagusian tokia izan zuten jardunaldi batzuen izenburua izan zen hau.
Ziur aski irakurleetako askori ezaguna egingo zaio ‘desazkundea’ terminoa, azkeneko papereko Aldirian ere azaltzen baitzen, ‘Tokiko ekonomiaren testuingurua irudikatzen’ artikuluan.
Oraindik bere berri izan ez dutenentzat, labur-labur: 2001. urtean korronte ekosozialista baten sorrera berantiarrak lehenik (Frantzian lehenengo eta beste herrialde latindarretan gero) eta hazkunde-objektoreen mugimenduak ondoren, eszena politiko-mediatikoan kokatu duten terminoa da. Ez da kontzeptu bat bere baitan (eta are gutxiago hazkundearen simetrikoa), eslogan politiko probokatzaile bat baizik, ekonomiaren, hazkundearen, aurrerapenaren eta garapenaren fede eta erlijioa alboratzean datzana [S. Latouche].
Bizitze onaren definizioa eskaintzea zailagoa da ordea. Hego Ameriketako zenbait herrialderen urteetako ibilian aurkitzen da. Komunitate bizitzaren erdian sortu eta honen funtsa da berau. Kitxua hitz bik definitzen dute: SUMAK (osotasuna, betetasuna) eta KAWSAY (izaki guztien esentzia, errealizazio jarrai, dinamiko eta aldakorreko bizitza). Ez omen dago ‘bizitze ona’rekin ongi itzulia, ‘bizitza osotasunean’ edo, izango litzateke egokiagoa. Ekuador eta Boliviako konstituzioek Sumak Kawsay kontzeptua jaso dute, baina herri indigenak ez daude guztiz ados ematen zaion erabilerarekin, haien ustetan, ongizate maila bat izatearekin, edota oparotasun ekonomiko eta erosotasunarekin nahastu baitaiteke.
Hortaz, batetik bai Europan eta baita Ipar Ameriketan gero eta hedatuago dagoen ‘desazkundea’, eta bestetik hegoaldeko herrialdeetan (Hego Ameriketako mundu-ikuskeran bereziki) gero eta zabalduago dagoen ‘bizitze ona’ ikuspegia izan ziren jardunaldion ardatz, ikuspegi feministaren argipean begiratuak (kasu gehientsuenetan).
Bizi dugun egoera sozio-ekonomiko-politiko honetan, bertan hitzegindakoak ekartzea interesgarria izan daiteke, nahi duenak behintzat hemendik urrun eta ez hain urrun jazotzen direnen inguruko zertzeladak sumatzeko. Bizieren definizio maila basiko honetan oinarrituz gauzatzen baitira ondoren sistemen gainontzeko arloak, hirigintza eta arkitektura barne.
Argazkia: Desazkundea