Bero? Biratu!

Bauhaus eskolan irakasle ibilitako lehen urtean margotu zuen Paul Kleek Etxe birakaria, 1921ean, hain zuzen. Ardatz baten inguruan biratzen zuen etxe bitxia agertu zitzaigun bertan.


Etxe birakaria. Paul Klee, 1921 / Thyssen-Bornemisza museoa

Margolari suitzarraren metafora errealitate bihurtu nahian dabil Zaragozako Deutscher Markt konpainia, alemaniar patente bat dela medio. Las Girasolas gisa bataiatu dute asmakizuna, zeinaren bidez etxeak nahi erara orientatu ahal izango diren.

Etxe birakari horiek eraikitzeko hormigoizko oinarri sendoa behar da, gutxienez 60 m²-ko azalerakoa, garaje eta trasteleku gisa erabili daitekeena. Perimetroko hormen gainean sistema birakaria ezarriko da ondoren, nodulu-altzairuzko errodamendu motordunetan oinarritzen dena. Oinarri horretatik gora, etxearen diseinuak askatasun handia omen du.


Eraikuntza-sistema / Deutscher Markt (C.D.M. taldea)

Sistema honen bidez, etxeak 350º-ko biraketa-ahalmena du. Minutu eta erdi behar omen du 30º biratzeko eta, beraz, 18 bat minutu buelta osoa emateko. Hori guztia sistema informatiko baten bidez kontrolatzen da, jakina, mugimendu-eskema nahi bezala aldatu daitekeela, unean uneko eguraldiaren arabera.

Sistema industrializatu samarra da, halabeharrez —instalazioak ere etxearekin batera mugitzen dira—, eraikuntzaren % 70 tailerrean egiten baita. Prototipo bat eraiki dute sistema errealitatean erakusteko.




Prototipo esperimentala / Deutscher Markt (C.D.M. taldea)

Egongela beroegi dagoela? Biratu etxea!

Informazio gehiago, lasgirasolas webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude