Tamaro mendiko kapera

Polita da garai batean modan egondako arkitektura-lanak urte batzuk igaro ondoren berrikustea, haien benetako balioa egiaztatzeko. Mario Botta suitzarraren arkitektura nahiko modan egon zen aurreko mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan. Bottaren arrakasta egungo parametroetatik ulertzen zaila da. Besteak beste, geometriaren ulerkera asko aldatu da azken urteotan, arkitektura bide malguagoetatik eta irregularragoetatik ibili baita. Eta Bottaren arkitektura geometriaren erabilera argian oinarritzen zen, neurri handi batean. Klasikoegia, egungo gusturako.

Hala ere, Tamaro mendiko haren kapera txundigarria iruditu zait.


Kaperaren kokagunea, Tamaro mendiko goi-ordokitxoan / Egilearen argazkia (CC-BY-SA). Handiago ikusteko, sakatu gainean

Kasu honetan, beste hainbatetan bezala, eraikinaren zuzeneko bisitaldia behar-beharrezkoa da, lekuaz ondo jabetzeko. Izan ere, Aingeruen Andre Maria kapera Tamaro mendiko goi-ordokitxo batean dago, italieraz mintzatzen den Suitzako Ticino eskualdeko Rivera herrian. Hara ailegatzeko, teleferikoa har daiteke, itsasoaren mailatik 1.530 m-ko garaieran baitago.


Kapera —hondoaneta zubia / Egilearen argazkia (CC-BY-SA). Handiago ikusteko, sakatu gainean

Eraikina ez da hain zaharra ere. 1990-1996 urte bitartean proiektatu eta eraiki zuten. Botta aspalditik obsesionatzen zuen zubiaren ideian oinarritzen da. Haren 1971-1973ko Riva San Vitaleko etxe ezagunean dagoeneko erabili zuen ideia berdina. Zubiak bisitarien erritu-ibilbidea azpimarratzen du. Eta, kaperaren kasuan, hasteko, behatoki batera daraman ibilbidea dugu. Hala ere, proiektuak proposatzen duen ibilbidea ez da hor amaitzen.




Eraikinerako sarbideak, behatokira doan zubia eta behatoki gurutzeduna / Egilearen argazkiak (CC-BY-SA)

Behatokira iristerakoan, paisaiaren handitasunaz gozatuz gero, kaperara jaitsi daiteke bisitaria. Behera begiratzekotan, konturatuko da jaisten ari den eskaileren artean kapera argiztatzen duten argi-arrakalak izkutatuta daudela. Jaitsiera zeremoniatsuaren ondoren, kaperako atearekin egingo du topo, zeinak sarrerako hutsunea erdibitzen duen, Le Corbusierren Ronchampeko atearen modura.



Kaperarako sarrera eta barnealdea, aldaretik ikusita / Egilearen argazkiak (CC-BY-SA)

Kapera txiki-txikia da. Bertan, Bottaren arkitekturaz eta altzariez gain, Enzo Cucchi margolariaren lana miretsi daiteke, batez ere aldarean eta sabaian dagoena. Pareten kolore beltza deigarria da, baina kontraste ederra sortzen du zuraren kolore argitsuarekin eta argi-sarrerekin. Eserlekuetatik ikusten den paisaia hain da izugarria, ezen apaizek lan bikoitza egin beharko duten bezeroen arreta berenganatzeko.



Irteerako korridorearen planoa eta kontraplanoa / Egilearen argazkiak (CC-BY-SA)

Bueltatzeko ez dago behatokira eta zubira berriz igotzeko beharrik. Bide alternatiboa dago, zubiaren barrunbetik, estalita dagoena. Sabaian, berriz ere, Cucchiren margolan luze bat dago; porfidozko harrizko hormetan, ordea, Bottaren ohiko bao biribilen segida.

Argazkiek ez dute lekuaren indarra —proiektuaren arrakastaren giltzarria— ganoraz helarazten. Hoberena, zuzenean ikustea!


Kapera, urrunetik / Egilearen argazkia (CC-BY-SA). Handiago ikusteko, sakatu gainean

5 Comments

  1. Iraultza kybernetikoa baino lehenagoko arkhitektura da. Systema
    geometriko bera ere aldatu da. Euklides-en mathematika baino
    mathematika konplexuagorat jo du mendebaldeko gizadiak eta Japaniak.
    XX. mendean Albert Einstein-en teoriek Isaak Newton-enak gainditu
    zituzten. Gaur egun mathematikak, physikak nahiz kimikak garapen sendoa
    dute, etorkizuna sortuko duten zer nolako eraikinak proiekta eta eraik
    ditzake PADko eta NFEko nahiz EAEko arkitektoak?

  2. Esan dut, bai, klasikoegia dela egungo —ia gehienon— gusturako. Hala ere, Alpeen alboan eta 1.530 m-ko altueran ezin duzu polikarbonatozko delicatessenik proposatu. Arrazoia ez da eraikuntza soilik. Eskalarik gabeko paisaia ikaragarri horren aurrean geometriak halako presentzia ematen dio arkitekturari. Esango nuke zilindroa eta ardatza tokiko genius loci-arekin ondo moldatzen direla.

  3. “genius loci???”Et tu, Unai?”aber postmodernitatean muturrak lar sartu ditugun! bakizu txar dena pegatzen dela, eh? :DPD. Niri Mario Botta lepo gustau zait beti…hau ez nun ezagutzen, baina beldurtzekoa (zentzu onean) iruditzen zait. Teleferikoa hartu zenun, Unai, edo mendi-txangoa antolau?

  4. Ja-ja!Teleferikoz igo ginen, bai. Apenas inor igotzen zen goiz hartan, goian euria zelakoan, baina zortea izan genuen…

  5. hombre, oinez igotzekotan, ea nor jarriko zen tokiarekiko “sentsible” 😀 Txoripana jan eta mendiekin gozatu!dena den, Garaik aurrekoan ezan ziguna datorkit burura: lehen ez (omen) zioten materialari horrenbeste garrantzirik ematen. Geometria gelditzen da, beraz. Baina ez al ziguten erakutsi material bakoitzak bere “arauak” zituela? Arau desberdinak, ondorio formal desberdinak, ez? uy, ze profundo ari naizen jartzen…. Ez dut ezer ulertzen!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude