Rolex ikastetxea


Rolex ikastetxea kanpotik / Handiago ikusteko, sakatu irudian. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

Lausanako Rolex ikastetxe berria barnetik bisitatzea esperientzia bakana da oso. Hori da hori espazio jarraitua. Hori da hori topografia artifiziala. Beste arkitekto batzuek —OMAk, esaterako— urtetan paperean utzi behar izandako ideiak gorpuztea lortu du SANAA arkitektura-bulego japoniarrak. Horretarako Suitzako teknologia eta dirua erabakigarriak izango ziren, ziur aski. Lausanako Eskola Politeknikoak apustu handia egin du eraikina sustatuz. Baita Rolex etxeak ere, jakina.


Patio baten ikuspegia / Handiago ikusteko, sakatu irudian. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

Eraikinaren tipologia arraro samarra da: lurzoru asko okupatzen du, baina ez haren azalera eraikia erraldoia delako, baizik eta —sotoa kenduta— solairu bakarrean antolatu dutelako. Barneko patioek ere eraikinaren zabalera handitzea eragin izan dute. Aipatutako solairu osoa, gainera, espazio bakarra da, banaketa-pareta sendorik gabea, alegia.


Eraikinaren barnealdea / Handiago ikusteko, sakatu irudian. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

Egitaraua hain da mistoa, ezen barnean zaudenean ez baituzu eraikinaren zeregina ondo ulertzen. Ia denetarik aurkitu daiteke bertan: ikasguneak, informazio-guneak, liburutegia, kafetegia, liburudenda, jatetxea… Hala ere, funtzio ezberdinen arteko tabike arinek, beirateek eta saretek ez dute espazio handiagoaren izaera bakarra zapuzten. Zutabeak ere ia oharkabean igarotzen dira, hain dira finak.


Barneko topografia artifiziala / Handiago ikusteko, sakatu irudian. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

Ikasleak espazio handian zehar barreiaturik dauden mahaietan eserita ikusten dituzu. Ikasten, lasai hitz egiten, zarata handirik sortu gabe. Deigarria da. Espazio bakarra izanagatik, ez da burrunba berezirik entzuten. Posible al litzateke tipologia antzerako eraikin bat gure Euskal Herri maite baina zaratatsu honetan?
 

Kanpoko ikuspegia / Handiago ikusteko, sakatu irudian. Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

4 Comments

  1. Barkatu atzoko erantzuna! Gaizki ulertuak argitzeko badaezpada, zera esan nahi nuen, inbidia ematen didala eraikinera egindako bisitak…eta gaineratuko nuke Essenen arkitekto berberek eraikitako gogorarazi zidala, guztiz ezberdina hau. Bata forma “organikoek” definitzen duten bezala bestea kubo ideal batek, ala? Aspaldiko proiektuetan, bi tipologia horien artean aukeratzen dabiltzala dirudi…Bestalde, interesgarria izango litzateke aurtengo Veneziako bienalera bisita egitea, Sejimaren komisario lanen emaitzak konprobatzeko. besterik gabe!

  2. Zorionak. Aldiri arkitekturazko aldizkariaren etorkizuneko maketazioa eta formatoa irudikatuta. Profesionalizazioruntz. Jardun eta ekinbide liberaturuntz. Zorionak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude