Zer nolako garapena nahi dugu?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Ane Abarrategiren ekarpena jaso dugu Aldiriren
erredakzioan, lurraldearen antolakuntzaren inguruko txosten interesgarri baten berri ematen diguna. Zuen interesekoa
izango delakoan, hortxe duzue artikulua:
 

Zer nolako garapena nahi dugu?

Gazte Kontseiluaren ekarpena lurralde-antolamenduari


“Aldaketa ugari ari dira gertatzen: ziklo ekonomikoaren aldaketak, ekoizpen-ereduaren aldaketak eta energia-ereduaren aldaketak, besteak beste. Aldaketa horiek eragin handia dute gizartean eta jendearengan, eta horregatik beragatik hitz egiteko garaia dela uste dugu, etorkizunerako zer nahi dugun eztabaidatzeko garaia, ekonomia-ereduari eta gizarte-ereduari buruz hitz egitekoa.”

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 2010ean argitaratutako “Lurralde Antolamendurako Artezpideak” izeneko txostena erakundearen baitan emandako barne hausnarketa eta eztabaidaren emaitza da.

Izan ere, 2009an gazte elkarte plataformak lurralde antolamenduaren inguruan aritzeko lan ildo berria sortu zuenetik hirigintza eta lurralde antolaketarekin lotutako bestelako ekimenak ere abiarazi ditu (Planoetatik kalera hitzaldi-bira kasu).

Txostenak hainbat gai jorratzen ditu (ekonomia garapena, etxebizitza, industria, energia, garraioa, nekazaritza, giza- eta kultura-garapena, gizarte-ardura) baina ildo zehatza jarraituz: “Zer nolako garapena nahi dugu?” galderari erantzuteko nahia. Finean garapen eredua eta lurralde antolamendua osatzen duten elementuen oinarrian kokatzen den ideiarioaz dihardu dokumentuak. Horretarako arreta berezia eskaintzen zaie giza-garapena, iraunkortasuna,  bizi-kalitatea, gazteen emantzipazioa, gizarte-eskubideak, gizartearekiko eta ingurunearekiko errespetua eta zor ekologikoa bezalako kontzeptuei.

Helburu nagusia eztabaidarako bidea ematea izanik, eragile eta elkarte anitzekin konpartitzeari ekin zaio, bestelako lurralde-antolamendurako artezpideen beharra eta eztabaida mahaigaineratzeko eta mamitzeko asmoz.  

                                                                            Ane Abarrategi
                                         EGK-ko bizi-baldintza materialen teknikaria

2010eko uztailaren 28an erredakzioan jasoa. Gogoratu zuk zeuk
idatzitako artikuluak ere argitaratuko ditugula posta
elektronikoz
luzatzen badizkiguzu. Animatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude