Kokapena, garrantzitsuago

Gutxiago falta da Donibane Lohizuneko “Alturan” delako eko-auzune berriaren lanak bukatzeko. “Eko” etiketarekin Euskal Herrian eraikitzen den bigarrena dugu, Iruñeko Sarriguren eko-hiria eta gero. Lapurdikoa, hala ere, askoz txikiagoa da. Zone d’aménagement concerté (ZAC) gisa kudeatutako 11 hektareatako bizitza-gunea Senperera doan errepide zaharraren parean dago, natura-ingurunean.


Lanen ikuspegia 2009ko apirilean / Berriak

Hirigintza-antolakuntza orografiari moldatzen zaion cul-de-sac edo kale itsu batean oinarritzen da. Partzela eraikigarriak bide horri atxikitzen zaizkio, antolakuntza osoari batasuna emate aldera. Erdian geratzen den espazioan elementu komun batzuk ezartzea aurreikusi da.


Hirigintza-antolakuntzaren oinplanoa / Leibar & Seigneurin

Antolakuntza maldari gutxi gorabehera egokitzen zaio, erdisotoak sortuz. Sekzioan egiazta daiteke eraikinen altuerak zorrozki mugatu direla, paisaian integrazio hobea lortzeko helburuarekin. Hala ere, lur-mugimenduak nabarmenak dira, goiko zatian, batez ere.


Sekzio orokorra, maldaren aurrean ezartzeko modua erakusten duena / Leibar & Seigneurin

Baionako Xabier Leibar eta Jean-Marie Seigneurin arkitektoek diseinatutako auzoak itxura modernoa edukiko du. Nahita, Ipar Euskal Herriko ohiko néo-basque estilotik aldenduko da 247 etxebizitzek osatutako auzoa. Esan gabe doa etxeek arkitektura bioklimatikoaren parafernalia osoa edukiko dutela: eguzki-panelak, negutegi-galeriak, eta abar.


Etxeek kanpotik edukiko duten itxura / Leibar & Seigneurin

Arazo ttiki bat ikusten diot: ez dago batere ondo kokatua. Ez naiz eraikinen orientazioaz ari, auzo osoaren kokapenaz baizik. Hirigunetik nahiko urrun dago, autobidearen beste aldera. Xehetasun horrek soilik, jakina, “eko” etiketa arras hutsala bihurtzen du ia-ia beste kasu ezagun batean bezainbeste, irisgarritasuna iraunkortasunaren oinarrizko kontzeptua izaki. Éco-quartier izena komertzio-etiketa hutsa izango ez bada, izana ere ekologiaz arduratu beharko litzateke. Ezin da 600 biztanlerako auzo berri bat proposatu garraioa kontutan eduki gabe: Nola ailegatuko dira Alturan eko-auzuneko egoileak bertara? Argibide bat: garraio publikoz, ez.


Gorriz, Alturan auzo berriaren kokapena Donibane Lohizunen, —kasualitatez— bertako golf-zelaitik oso gertu / Google Earth

One Comment

  1. Nik oinarrizko galdera bat erantsi nahiko nuke: beharrezkoak al dira horrelako eraikitze-lanak? 

    eko zigilua materiale edo instalazioen ekintza isolatuen bidez lotzen da, baina askoz ere gehiago beharko luke.eko filosofiapean egiten den edozein ekintzari, egin beharreko lanen gaineko erantzunkizuna eskatuko nioke. Lurzoru, energia eta ekonomia inbestitzearen zilegitasunerako argumentazioak eta datuez gain, eraikuntza-ondorioen balioztapenen erantzunkizuna hartzea. Kontzientzia baita, jasangarritasunaren lehen eta azken ondorioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude