Errobiko campusa

Baionako Institutu Unibertsitario Teknologikoaren Errobiko campus berria, iaz estreinatua, berezia da oso. Jean-Baptiste De Giacinto arkitekto bordeletarrak diseinatu du. Baiona Ttipiko proiektuak eraikin berri batzuk zein kasernen zaharberritzea hartu ditu barne. Azken jarduera hori da deigarriena, Vauban arkitekto eta ingeniari militarrak XVII. mendearen bukaeran sendotutako gotorlekuaren eraberritze ausarta eta polemikoa proposatu du eta.


Baiona, 1797 aldera. Iparraldean, Vaubanek eraikitako zitadela; ekialdean, berriz, Baiona Ttipia.

Aipatutako esku-hartzeak bi gune bereizgarri ditu kanpotik, hots, anfiteatroa eta liburutegia, oso modu ezberdinean eratu direnak, biak ala biak harresian txertatzen badira ere. Anfiteatroaren zatiak estalki berdea du, oharkabean geratze aldera. Belarra gehiago hazten denean, harresiarekin erabat kamuflatuko da anfiteatro berria, sarrera eta argi-zuloak baino ez direla ikusiko.


Anfiteatroaren eraikina / Egilearen argazkia

Liburutegiaren eraikinak, aldiz, harresiaren forma soilik geometrikoki jarraitzen du, haren profila imitatuz. Fatxada ez da oharkabean pasatzeko moduan diseinatu, mendebaldera ematen duen azalari dagokionez bederen. Beirazko fatxada zeihar bat proposatu da, eguzkitik babesteko ustez hormigoizko sareta berezi bat gainean duena. Euria egiten duenean efektu bitxia sortzen da, urak barneko azaleko beiraren gainetik egiten baitu irrist.


Liburutegi berriaren eraikina / Egilearen argazkia (handiago ikusteko, sakatu irudian)


Fatxadaren xehetasuna, sareta eta ura jasotzen duen erretena erakusten duena / Egilearen argazkia


Liburutegiaren atzealdea, 2009ko urrian / Egilearen argazkia

Eraikinaren atzealdeak duen itxura oraindik ez da ganorazkoa, baina zeharo aldatuko dela uste da, belarrak dena ondo estaltzen duenean. Denborak esango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude