Goiz interesgarria suertatu zen iragan ekainaren 23koa. Gasteizko Bildu taldeak antolatutako «Gasteiz bizi, erabaki eta eraiki» udal-jardunaldien azken osoko saioa garatu zen hiriburu arabarreko Europa biltzar-jauregian, idaztear den Hiri Antolakuntzarako Plan Orokor (HAPO) berriaren kariaz, eta bertan zenbait kontu erakargarri azaleratu ziren. Taldeko dinamikaren ondoren, zeinetan udalerriaren egungo egoera, beharrak eta balizko soluzioak talde txikitan zerrendatu ziren, bertaratutako guztien arteko azken eztabaida bat garatu zen, bereziki aberasgarria. Nabarmentzekoa da jendartetik luzatutako kezkak eta iruzkinak ikuspegi globalekoak izan zirela, halako ekitaldi publikoetan azaleratu daitezkeen lokalismoetatik eta NIMBY (not in my back yard: nire atzeko patioan, ez) jarreretatik harago.
Gasteizko udalerriaren berezitasun nagusia gogorarazi zuen batek: hiriburuaz gain, beste 63 herri txiki daude haren landa-gune zabalean, non 5.000 biztanle bizi diren. Haiek ere zergak ordaintzen dituzte, trukean inbertsio eta zerbitzu publiko gutxi jaso arren, batez ere garraioari dagokionez. Eskaerapeko garraio-zerbitzu ezagunaren formula aipatu zen irtenbide posible moduan. Halaber, herrixka horien gertuko izaera mantentzeko neurriak hartu beharko liratekeela aldarrikatu zen, 2000ko HAPOren estrategia inbaditzaileak (gogoratu Lasarte eta Miñaoko lurzoru urbanizagarri erraldoien kasua) goitik behera irauliz.
1960ko hamarkadan eraikitako auzo zaharkituak ere aipatu ziren (Adurtza, Ariznabarra, eta, bereziki, Zaramaga). Ez ziren ohiko korridore-kalean oinarritu, garai hartako moda beste bat zelako: dorreak eta bloke irekiak parke handitan ordenarik gabe sakabanatzea. Gainera, auzo horietako eraikinen kalitatea ez dator bat gaur egun eskatzen ditugun erosotasun-estandarrekin (igogailurik ez, isolamendurik ez…). Eraberritu, ala eraitsi: horra hor auzia. Erantzuna ez da erraza, eta, ziurrenik, biak uztartu beharko ditu: erabateko tabula rasa egin gabe, eraikinak banan-banan aztertu beharko dira, hirigintza-kirurgiako operazio arduratsuak gauzatuz.
Eta hiriburuaren hazkundeaz ere eztabaidatu zen, jakina. 2000ko HAPOak, eraztun berdea antolatzeaz gain, adreiluzko eta porlanezko eraztun grisago bat ere diseinatu baitzuen Salburua, Zabalgana eta Aretxabaletako lurretan. Gune handi horiek, ia 700 hektarea, lo egiteko auzo hutsak dira gaur egun. Bertako egoiliarrek zentrora eta beste auzo batzuetara jo behar dute lan egiteko, erosteko edo aisialdiaz gozatzeko, oraindik ez delako giro nahikoa eratu haien auzoetan. «Pintxopotea oraindik ez da sustraitu auzune horietan» luzatu zuen batek, erdi txantxetan. Baina ez da huskeria. Zaila baita 50 m zabal diren eta norabideko hiru errei dituzten kaletzarretan (Salburuako bulebarra edo Zabalganako hiribidea, kasu) auzoko giroa piztea. Akaso autoan zerbait gutxiago eta pintxopotean zerbait gehiago pentsatu beharko genuke.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko uztailaren 14an]
Hausnarketa ona. Dinamika berriek, eskaera berriak; pintxopotea, kontsumo taldeen hartu-emanak…
Oro har ados nago artikuluan aipatu diren bigarren eta hirugarren arazoen diagnostikoarekin. Baina lehenengoaren kasuan (Gasteizko herriak) nabarmen desados, eta batez ere uste dut “nik ere zergak ordaintzen ditut” (honi ere sigla batzuk jarri beharko dizkiogu, NEZOD edo…) arrazoia erabat desegokia dela.
Ea ba:
“hiriburuaz gain, beste 63 herri txiki daude haren landa-gune zabalean, non 5.000 biztanle bizi diren”
Baieztapen hori ez da egia hirigintzaren eta zerbitzu publikoen ikuspuntutik. Gasteizen biztanle gehien dituzten herriak hauek dira:
Betoñu 476 biztanle
Gamarra Nagusia 305 bizt.
Aztegieta 284 bizt.
Aretxabaleta 257 bizt.
Armentia 223 bizt.
Horiek denak hirian txertatuta daude jadanik, eta garraio publiko erregularra daukate. Bost horiek batuta 1.545 biztanle dira.
Ondoren dator garraio publiko erregularra ez duen lehena:
Villafranca 194 bizt.
Lasarte 180 bizt.
…
Bai, baina… Gasteizko herri batzuk BADAUKATE garraio publikoa, Aldundiak eskaintzen duena hain zuzen. Foru Aldundiaren webgunean begiratuta:
http://194.30.12.29/transportes/transportes/eu/rutas/rutas_autobus.asp?sOrigenP=1
Herri hauek badaukate garraioa Gasteizera:
Andollu
Arkauti
Argandoña
Elorriaga
Foronda
Ilarratza
…
Baina herri horiek duten zerbitzuak tranpa txikitxo bat dauka, Araba osoan barrena dabiltzan lineak direla eta beste herri batzuetako jendeari ere zerbitzua ematen dietela.
Laburbilduz, garraioa ez daukaten herrietako biztanleen kopuru osoa 3.000tik hurbilago dago, 5.000tik baino.
“Haiek ere zergak ordaintzen dituzte, trukean inbertsio eta zerbitzu publiko gutxi jaso arren, batez ere garraioari dagokionez”
Zergen argudio hau erabiltzen denean, argudioa ematen duenak beti egiten du norbanakoak alderatuz (ez lurraldeak), eta hori ongi iruditzen zait hezkuntza publikoa edo osasun unibertsala bezalako kontzeptuei buruz ari garenean, baina garraioaren eta “zerbitzuen” auzian (esaldi horretan “zerbitzuak” esaten denean ura, kaleak konpontzea, argiztapena, etab. direla ulertzen dut) uste dut kontuan hartu behar dela funtsezkoa den aldagaia: geografia. Hau da, biztanleen dentsitatea eta lurralde egitura.
Honek gogora ekarri dit Ibaiondoko txalet batean bizi zen batek behin esan zidana: gautxoririk ez zegoela hiriaren erdialdetik Ibaiondoraino, bere alabak larunbat goizaldeetan etxeratzeko; eta berak ere “zergak ordaintzen zituela”. Bai motel, zergak ordaintzek dituk, baina Ibaiondon ez zegok biztanleen aski masa kritikorik gautxori bat jartzeko… Dena ezin da, lorategia daukan txalet batean bizi, inguruan basamortu bat edukita (ez dendarik, ez tabernarik, ez jenderik kalean, ez gautxoririk) edo dentsitate altuko auzo batean bizi zerbitzuak jaso ahal izateko.
Har dezagun Gasteizko edozein auzo, adibidez Adurtza, eta begira dezagun zenbat biztanle dituen:
Adurtza 6.508 bizt.
Adurtzan 6.508 biztanle bizi dira 400×400 metroko azalera batean. Horiek 400 biztanle/hektarea dira.
Gasteizko herriak, berriz, 250 hektareako lurraldean sakabanaturik daude. Eta sakabanaturik diodanean, benetan sakabanaturik esan nahi dut. Udalerria lau koadrantetan zatitzen badugu, bakoitzean 800 biztanle inguru biziko dira.
Gasteizko herrietako dentsitatea: 3.000 biztanle/250 hektarea = 12 biztanle/hektarea.
Eta horrekin denarekin, hurrengo estekan ikus daitekeen bezalako dentsitate mapa daukagu:
http://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Gasteizko_biztanle_dentsitatearen_eboluzioa.gif
Zenbaki horiek ikusita edozeinek uler dezakeen bezala, Adurtzak dituen “geografikoki baldintzatutako” zerbitzuak ezin ditu eduki Gasteizko herri batek berak ere ez. Ezta denek batera ere. Geografikoki baldintzatutako zerbitzuak: garraioa, uraren eta saneamenduaren hornidura, telekomunikazioak, hondakinen bilketa, dendak…
Are gehiago, nik esango nuke gaur egun Gasteizko herriek, per capita dirutan neurtuta, hiriko auzoek bezainbeste zerbitzu jasotzen dituztela.
“Halaber, herrixka horien gertuko izaera mantentzeko neurriak hartu beharko liratekeela aldarrikatu zen”
Ba, hain zuzen, herriek zerbitzu gehiago edukitzeko modu bakarrenetako bat horixe da, dentsitate handiagoa lortzea, masa kritikoa; beraz, kontrajarrita dauden bi eskari ari dira egiten, edo gaztelaniaz esaten den bezala, “soplar y sorber es imposible”.
Noski, nire ustez herrietara jendea eramateak duen abantaila BAKARRA litzateke hori, zerbitzu gutxi batzuk gehiago edukitzea. Beste guztiak desabantailak dira, bai herrietako gizarte egituraren aldetik zein “rururbanizazioak” dakartzan lurralde arazoen aldetik.
Beraz, nire ustez ez da posible garraio publikoaren zerbitzua ematea Gasteizko herrietan, ez dagoelako aski masa kritikorik. Gogoratu, garraiorik gabeko herri handiena Villafranca da, 180 biztanle, Gasteizko edozein etxaditan baino jende gutxiago…
Ezin dira ukatu datu horiek, assar. Eskerrik asko zehaztasunagatik.
Herrixketako garraioaren arazoa gertuago badago 3.000tik 5.000tik baino, bada, gaitz erdi. Baina gaitza, oraindik ere: ziur arazoa aipatu zuena 3.000 horien artean dagoela. Eta ez dut uste tranbia bere herrixkara ailegatzea eskatzen zuenik.
Gutxieneko dentsitate bat behar da hainbat zerbitzu eskaintzeko, ados. Ba al dago garraio-zerbitzu motaren bat Villafrancako herritar horrentzat, orduan? Eskaerapeko garraioarena ere gehiegizkoa al da?
Herrixken auziak paradoxa handi bat du atzean, zuk azaleratu bezala: jende berria (gaztea) ez badoa, zahar eta hutsik hil egingo dira; eta jende gehiegi badoa (batez ere lo egiteko familiabakarretara), erabat desitxuratuko dira…
Villafrancaren kontua ere berezia da: herriak berak oso biztanle gutxi ditu, ze 194 horietatik 150-160 inguru Estibalizko urbanizazioari dagozkio, eta uste dut horiek ez dutela garraio publikorik erabiltzeko asmorik…
Beno, dena den hori anekdota bat da.
Konponbidea… nik dakidana da antzeko egoeran dauden Trebiñuko herrietan orain arte arazo hori nola konpondu den: konponbidea izan da adin batetik gora jendeak herria utzi eta Gasteizera bizitzera etorri dela. Beste konponbide bat auzo elkartasuna eta fabore trukea da: egunero hirira autoz joan-etorria egiten duen herri bereko jendearekin hitzordua egin, beharrezkoa denean, hirira hurbildu ahal izateko.
Baina esan dudan bezala, arazo nagusia dentsitate ahulak eragiten duen eskaera falta da. Nire ustez herrietan ez dago nahiko eskaerarik garraio publikorako. Gauza bat da herrietako jendeak ideia orokor modura zerbitzu hori eskatzea Udalari, eta beste bat gero erabiliko duten ala ez, benetako eskaera zein den.
Uste dut Gasteizko Udalak baduela asmoa proba bat egiteko taxien bidezko eskaerapeko garraioarekin. Orduan ikusiko benetan erabiltzen den ala ez. Baina nire susmoa da Alde Zaharreko autobus linearekin gertatu den gauza bera gertatuko dela, jendeak eskatzen zuela, baina egiaren ordua iritsi denean inork ez duela erabiltzen.