Aieriko auziaz

Artibai itsasadarreko Aieri padura dezente kaltetu zuen duela 11 urte eraikitako Berriatua-Ondarroa errepideak. Padura erdibitu zuen. Arrabeta eta Goitiz arteko ingurune horren arrisku nagusia, ordea, duela hogei urte hasi zen, Ondarroako Udalak hiri-lurzoru finkatugabe gisa klasifikatu zuenean udalerriko ordezko arauetan. Garaiko talde politiko guztien adostasunarekin, herriaren zabalpena balio ekologiko handiko hezegune horren gainean garatzeko aukera ireki zen. Asmo horrekin, hain zuzen ere, hasi ziren idazten hiri antolakuntzarako plan berezi bat duela lau urte, EAJk sustatuta, Aierin ia 500 etxebizitza eraikitzeko. Alabaina, uztaileko azken egunotan jakin berri dugu EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duela Aieriko plangintza legez kanpokoa dela, Alleri Zainddu! plataformak eta Aralarrek salatu bezala: 13 hektareako gune horrek ez zituen hiri-lurzoru guztiek bete beharreko gutxieneko baldintzak (behar beste hiri-zerbitzu izatea edo bertako eraikuntzen bi herenen finkapena), eta, ondorioz, 1993ko ordezko arauak kautelaz eten dira. Ekologismoak hirigintza mendean hartuta.

Balio biologikoa edukitzeaz gain, padurak eta hezeguneak garrantzitsuak dira uholdeen ondorioak txikitzeko, ur dezente xurgatzeko ahalmena dutelako. Paduretan eraiki diren beste auzo batzuetan urtero gertatzen direnak ikustea besterik ez dago. Beraz, oraindik eraiki gabe dauzkagun altxor ekologiko bakan horiek gorputz eta arima babestu beharko genituzke. Horretarako, baina, udalerrien eskala ez da egokiena, udal gehienen interesek bat egiten dutelako eraikitzaileenekin: haientzat haztea izan ohi da epe laburreko mozkinak lortzeko biderik motzena, «gazteek herritik alde egin behar izan ez dezaten» aitzakiapean. Horregatik da egokiagoa eskualdearen eskala: lurralde antolakuntza txukun batek inguru gertuan bertan konpon ditzake etxebizitza beharrak, udalkeria hutsean erori gabe. Ekologiak muga administratiboez entenditzen ez duenez, zentralismo puntu batekin ekin behar zaio, ahalik eta izate geografiko logikoenetik: eskualdetik.

Politikoki zuzena izan ez arren, bada garaia onartzeko akaso denok ezin garela bizi jaio izan garen herrian bertan. Edo, gutxienez, adosteko etxe hutsen arazo larria konpondu behar dela lurzoru metro koadro bat gehiago urbanizatu baino lehen. Ondarroan, hain zuzen ere, 411 etxebizitza zeuden hutsik 2001ean, Eustaten arabera. Udalerriko etxeen %11,13. Eta gaur egun ez dira gutxiago izango. Egoera horretan, zentzurik al dauka padura bat suntsitzea 500 etxe berri gehiago egiteko? Are gutxiago, urte berean, alboko Berriatuko etxeen %21,90 hutsik egonda. Hortik eskualde mailako irakurketaren beharra. Gainera, Aieriko kasu zehatzean, gazteek udalerria utzi beharraren zurigarria ez da horren sendoa: padura hori ez da beti Ondarroa izan, frankismoa baino lehen Berriatua zen!

Dagoeneko EAEko biztanleriaren %60 bizi da itsasertzean. Inoiz onartu beharko dugu guztiok ezin garela bertan bizi.

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko abuztuaren 11n]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude