Datorren sailburuordeari

Lurralde antolakuntzako sailburuorde berria zaren zuri. Zeinahi pentsamoldekoa zarela ere. Ez zaizkizu samurrak egingo, datozen lau urteak. Inork gutxik sinesten baitu lurralde antolakuntzaren erabilgarritasunean. Arkitektoek, esaterako, nahiago dute bilgarri ederreko eraikinez jardutea. Hirigileek, nahiz diziplina batekoak zein bestekoak, nahiago dute udalerri mugen barnean aritzea, administrazio gehiegirekin eztabaidatu behar ez izateko. Eta politikariek, antzeko: EAEko jelkideei, gutxienez, 1987tik aurrera ez zaie gehiegi interesatu zuri egokitu zaizun azpisaila zuzentzea, 22 urtez beste gobernukideen eskuetan utzi izan baitute.

Sailburuorde izango zara, ez sailburu. Lurralde antolakuntza ez baita aski garrantzitsua. Azken boladan ingurumenarekin batera lekutu dute lurralde antolakuntzako sailburuordetza; ulergarria. 2001etik, baina, hirigintza sailburuordetzatik erabat aldenduta; ez hain ulergarria. Goi mailako unibertsitate irakaskuntzan hirigintza eta lurralde antolakuntza jakintza arlo berean egonda, nola da posible lurraldea gobernatzeko zeharo bereizi behar izatea? Okerragoa ere izan zitekeen, akaso: sail guztiak ekonomia izeneko sail ahalguztidun baten meneko… de facto gertatu lez.

Hainbat patata bero erdiegosi utzi dizkizu aurrekoak. Gehienak ere bere aurretik egosten hasitakoak. Lau urte ez baitira nahikoak lurraldea antolatzeko. Horregatik ez da oso sinesgarria izan, azken urteotan bereziki, Eusko Jaurlaritzaren saiakera alor honetan. «Merkatua» bera antolatzaile lanetan utzi du, beste kontu ugaritan bezala. Zertarako antolatu, bestalde, EAEko azpiegitura handien gaineko eskumena Espainiarena izanda. “Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen” aldaketaren izapidea gelditzeko eskatu nahi nizun, baina, egia esan, zertarako, ez badute ezer antolatzen. Datu zaharkituz betetako panfleto ecoinnosmartneoconplus hutsal horren helburua horixe baita: arau loteslerik gabeko txeke zuri bat luzatzea, «ekintzaileei» oztoporik ez jartzeko. Fracking edo haustura hidraulikoan aditu diren Heyco eta Cambria bezalako enpresa ekintzaile estatubatuarrei, esaterako.

Elikadura burujabetza eta aztarna ekologikoa ez dira zure agendan egongo, ziurrenik. Horiek Harri Aroko kontuak direla pentsatuko duzu, une honetan hazkundea sustatzea dela premiazkoena. Baina benetan iraganekoa dena da lurzoru birklasifikazioei esker lortutako Gainbalioen Aroaren loria, duela bost urte jada itzali zena. Arestian aipatutako “Gidalerroen” ideologo nagusiak, Alfonso Vegarak, hala ere, hurrengo perla argigarria utzi berri digu “La Opinión A Coruña” egunkarian: «diru asko-asko dago munduan, eta hura erakartzeko proiektuak behar dira». Diru hori erakartzeko zer egiteko prest zaude, sailburuorde? Aukeran, hobe zenuke Europako lurralde antolakuntzaren gutunak dioena gogoratzea: «lurralde antolakuntzak beharrezkoa du ikuspegi demokratikoa, globala, funtzionala eta etorkizunekoa». Lurra salduz gero, etorkizun gutxi.

Zorte on.

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko azaroaren 3an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude