Txikitako oroitzapen bat badut, hilean behin kotxea hartu eta gurasoek Pryca edo Mamut-era eramaten gintuztenekoa. Gogoan dut nola zeharkatzen genuen Pasaiako badia, pasatzen Kaputxinoseko tunela, eta nola hatzak pixkanaka sudurrera eraman behar izaten genituen Errenteriako Papelera Española fabrikari zerion kirats jasanezina medio. Erreka ertzeko -estolda-zulo esatea itsusi xamar gelditzen da eta-; errepideko klimaxa pasatuta, usaina atzean uzten genuen, helmugara gerturatu ahala.
Pasatu dira hamabost, hogei bat urte ordutik. Pryca eta Mamut Carrefour eta Alcampo dira orain eta paper fabrikak, Papresa izen neutroagoaz berbataiatuak, herriko mahaiburu izaten segitzen du. Izenak aldatu dira, izanak bezainbeste ia: apenas dario kiratsik lantegiari; izokinen bat ere ikusi omen dute errekan gora.
Balio beza denbora-jauzi honek azken hamarkadetan euskal industriak eman duen aldaketa ilustratzeko. Lantegi horiek guztiak ez zituzten kasualitatez altxa gure herrien altzoan: ura behar, eta ibaiertzetan eraiki zituzten, zailtasun handirik gabeko lur lauetan merke, trenbidetik eta eskulanaren bizi guneetatik gertu. Hain gertu, ezen batzuetan lantegiek herrigunearekin zuten lotura fisikoa zein emoziozkoa erabatekoa baitzen, lan eta bizi, biak bat izateraino.
Ekonomia-molde garbiagoen mesedetan, industria astuna alboratzen joan garen heinean, pentsa genezake lantegi eta herriguneen arteko lotura sendotuz joan dela pixkanaka. Gai izan garela, gure Herrian gehien eraiki dugun garaiotan, funtzio anitzeko herriguneak sortzeko, mugikortasun derrigortua -mugikorkeria?- murriztu eta beste hainbat albo-kalte ekiditeko: gehiegizko motorizazioa, auzo berrien desertizazioa, garraio publikoaren ezintasuna, kutsadura. Pentsa genezake hori guztia.
Ez ba. Nahiago izan dugu lotarako soilik diren auzoak diseinatzea, lanerako soilik diren poligonoak ekoiztea. Eta ezin esan zer faktorek bultzatuta gertatu den paradoxa hori. Lurraren prezioak zerikusirik izango zukeen: herriguneetako orube preziatuak etxebizitzak eraikitzeko erabili ditugu, lur urrunagoetan enpresak merke koka zitezen (lur urrun-urrunak ere ez baitira, distantzia autoz egiten bada). Gune monofuntzionalen gestio errazagoa ere aipa liteke, mixed-use delakoa kudeatzea zailagoa baita ziurrenik. Kontrara, euskal orografia malkartsuaren arazoa genuke; tira, arazo ere ezin deitu, iaioak bihurtu baikara gure muinoak lautada bihurtzen.
Eraiki beharrekoa eta gehiago jada eraiki dugun honetan, datu batzuk hasi zaizkigu iristen: Donostian, esaterako, autoz iristen direla enpresa-poligono hauetan lan egiten duten 10 lagunetik 9.
Berandu xamar mugikortasun-plan bati mirariak eskatu eta eman egingo dizkigula sinisteko. Zer edo zer ikasi badugu gaitzerdi, baina hara non, garai berriotan ere lehengo lepotik burua: Loiolako militarren koartelak sutsuki exijitzen dizkiogu Espainiar Gobernuari, zer eta Babes Ofizialeko Etxebizitza auzo soil bat eraikitzeko. Bitartean, mendian gora abandonatzen ditugu lan-poligono berrien proiektuak: Zuhatzuko enpresa-parkea Atotxarreka aldera hazten ari da, eta Zubieta aldean kokatuko omen da Gipuzkoako handiena izango den Eskuzaitzetako poligonoa. Pikutan, alegia. Donostialdeko Metroak langileak mugituko baditu, ez dira horiek izango.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko urriaren 19an]