Metro(poli) gosea

Azkenean, % 20 murriztu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko aurrekontua. Eta Ana Oregi sailburuak berak urtarrilean aurreratu bezala, badirudi Donostialdeko metroak, edo, gutxienez, Donostiako erdiguneko alderik aldeko tarte berriak (Lugaritz-Kontxa-Morlans-Anoeta), ekaitz ekonomikoa iragan arte itxaron beharko duela. Hala ere, behin-behineko geldialdi hau une egokia izan daiteke azpiegitura handi horren egokitasunaz lasai hausnartzeko.

Asmo horrekin antolatu da, hain zuzen ere, mahai-inguru interesgarri bat datorren astelehenean, martxoak 25, Donostia bertako Okendo kultur etxean, 19:00etan. Antolatzaileak, AHTren Aurkako Donostiako Taldeak, txosten mardula argitaratu berri du horren kariaz, “Donostialdeko metroa? Eztabaidarako eta gizarte-ekimenerako aukera” izenburuarekin (http://ttiki.com/48532).

Aipatu txostenean argi ikusten da horrelako azpiegiturak ez direla saltzen zaizkigun bezain neutroak: arazo jakin batzuei aurre egiteko konponbide tekniko saihestezin moduan ematen zaizkigu jakitera, baina atzean ideologia eta interes jakinak izaten dira, batzuk zilegi eta argiak, beste batzuk, opakoxeagoak, eta, beste batzuk, agian are tristeagoa dena, fribolo eta arin samarrak.

Zehazkiago, nahiko bitxia da zeinen erraz aldatu den azken urteotan politikarien diskurtsoa, Donostialderako garraio mota egokienari dagokionez: 2001 eta 2004 artean, tranbia omen zen mugikortasunaren arazoa konpontzeko panazea; 2004 eta 2007 artean, Euskotrenen “topoa” sasimetro bihurtu beharra zegoen; 2007an autobusetarako erreien sarea eskualde mailara zabaltzea zen errentagarriena eta zentzuzkoena; 2007 eta 2009 artean “tram-trena” delako pagotxa deskubritu ei zen, baina, 2009an, metroa estrategiko eta ezinbesteko bihurtu. Eta, orain, azkenik, Donostialdeko metroa proiektu faraoniko eta garestiegien artean sailkatu du Oregi sailburuak berak. Hortaz, zertan gara?

AHTren Aurkako Donostiako Taldeak landutako txostenean, ordea, garraio-sistemen azterketa hutsa gainditzen da, horiek guztiek dakarten lurralde-ereduaz ere aritzeko. Donostialdearen eta eremu dezente handiago baten metropolizazioaz jarduteko, hain zuzen ere. Zeren eta, joan-etorriak murrizteko beharraz publikoki asko hitz egiten bada ere, hipermugikortasun-eredua da benetan sustatzen ari dena, gutxienez Zumaiatik Baionara doan “Euskal Eurohiria” gorpuztea helburu. Baina garraiobide azkarren metropoli handiak alboko kalte dezente eragin ditzake, besteak beste, auzo eta herrietako giroa erabat desagertzea, etengabe erdigunera lekualdatzeko erraztasun tentagarriagatik.

Beraz, metropoli goseak jota daude hainbat politikari eta teknikari, handitasunak onura eztabaidaezinak ekarriko dituelakoan, eta haren bidez hiri-barreiatzeak dakarren mugikortasunaren arazo potoloa konponduko delakoan. Baina ez dago oso argi zer den lehenago, hiri-sakabanatzea edo ahalmen handiko garraiobide-sarea, alegia, arazoa edo ustezko konponbidea. Neurri handi batean, elkar elikatzen dutelako.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko martxoaren 23an]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude