Artikuluak jasotzeko deialdia = Call for papers. ALDIRI 17: “Pentsatu. Marraztu. Egin”

17_BLOGERAKO IRUDIAMarrazkiak dira lerroak, anguloak, laukiak, zirkunferentziak; marrazkiak dira, baita ere, proiektuen atzean dauden memoria eta dokumentoen hizkiak; marrazkiak dira eraikin bakoitzaren atzean dauden aurrekontuetako zenbakiak. Marrazkien bitartez gizakiok pentsatu egiten dugu, gure ideiak antolatu, ezinezkoa errealitatean bilakatu.

Arkitektoek marrazkia dute pentsamendua islatzeko lanabes nagusia. Historian zehar marrazki hauek eboluzioa bizi izan dute, eta erabilitako lengoaia grafikoa geroz eta zailagoa ere bihurtu, eraikuntza eta hirigintzaren teknikak konplexizatzen ziren bitartean.

Marrazketa arkitektonikoak pairatu izan duen betiko dilema bi hitzetan laburbildu daiteke: eskala eta dimentsioak. Leon Battista Alberti, jada XV. mendean, eskalaren arazoa zuen gogoan De re ædificatoria tratatua idazterakoan; Plinio Zaharra eta Galenoren antzera, humanista genoarrak marrazkiak gaitzetsi zituen, garaian ezinbestekoa baitzen tratatuak eskuz kopiatzea eta, ezinbestez, marrazkien kalitatea jeisten joango zelakoan zegoen. Hortaz, arau orokor bezala, irudi ortogonalak besterik ez zituen gomendatzen, irudiaren eskala mantentze aldera, Vignola, Palladio edo Scamozzik bezalako teorikoek egingo zuten bezala.

Dimentsioaren afera arkitekturaren izaeraren barne barnean errotuta dago: tradizionalki arkitektoek bi dimentsiotan islatu behar izan dituzte beraien pentsamenduen mataza, ostera ere haria askatu eta hiru dimentsioetan eraikitzeko. Azken hamarkadetan sortutako tresna informatikoek bi dimentsioko marrazkia hiru dimentsiotako maketa birtual bategatik ordezkatzeko aukera egin du, BIM sistemen bitartez (Building Information Modelling). Hori, eta ordenagailuen merketzeak, arkitektura eskoletan ordenagailu portatilen ugalketa bat sortu du, eta marrazki tradizionalaren garbiketa etnikoa.

Aldiri Arkitektura eta Abar zenbaki honetan hainbat galderei erantzuten saiatuko gara, arkitektoentzako ezinbestekoa den marrazkigintzaren eskutik: BIM sistemetara benetako salto bat egongo al da inoiz? CAD sistemek arkitektoaren pentsamoldean eraginik al du, hots, desberdin proiektatzen al da ordenagailua hobetsiz eskuzko marrazkiaren aurrean? Zein da marrazkigintzak egun arkitekturan jokatzen duen papera? Hauek guztiak, eta zenbait gehiago, ezagutu nahi izanez gero, murgildu zaitezte “Pentsatu. Marraztu. Egin” izenburu duen ale honetan.

Zenbaki honetan parte hartu nahi izatekotan, bidali zure ekarpenaren abstract edo laburpen bat (250 karaktere gehienez, hutsuneak barne) hurrengo 2013ko irailaren 6a baino lehen.

Onartutako artikuloak jasotzeko azken emate-data: 2013ko abenduaren 27a.

Bidalketak egiteko, zein zalantzak argitzeko, idatzi hurrengo helbidera: aldiri@ueu.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude