Agurra

Irakurle hori:

Aldiri aldizkariak hamaika urteko ibilbide oparoari amaiera emango dio. Denetara 44 zenbaki atera ditugu hiru hilabetean behin, eta askotariko gaiak plazaratzeko aukera izan dute artikulu-, azal- eta komiki-egileek. Zenbaki bakoitzak maila zientifiko zein artistiko ona izatea izan da helburuetako bat, eta kalitatea bermatzeko asmoarekin, artikulu gehienak “iruzkinduak” eta moldatuak izan dira.

2009ko uztailean hasi zuen bidea aldizkariak 0. zenbakiarekin, Unai Fernandez de Betoño eta Ibai Gandiaga zuzendari zirela, eta Erredakzio Kontseiluan Agurtzane Elguren eta Ula Iruretagoiena zeudela.

2009tik gaurdaino, aldizkariak bilakaera izan du, web-orrian honen “Paperekoak” atalean ikus daitekeen moduan. Baita gizarteak berak ere; izan ere, paperean argitaratzen diren hedabideak murriztuz joan dira, sareko agerkariak gailendu diren heinean.

Ezin dugu aipatu gabe utzi UEUren ekarpena, zeina ezinbestekoa izan den zenbaki bakoitza aurrera ateratzeko; bere babesik gabe Aldiri ez zatekeen argitaratuko.

Ibilbidea itxi aurretik, baina, 2021 honetan bi argitalpen egiteko asmoa dugu: batetik, aldizkariaren ibilbidea gertutik ezagututako autoreen ekarpenekin osatutako 45. zenbakia; bestetik, zenbakiak nortasunez jantzi dituzten azalei aitorpena egingo dien argitalpena. Urte berezia izango da, beraz, lau argitalpen beharrean bi izango dituena.

Amaitzeko, zuri ere eskerrak, irakurle eta lagun. Ea etorkizunean beste proiekturen bat garatzeko aukera dugun eta orduan ere gure alboan zaitugun.

Hurren arte,

Aldiri familia.
Anartz, Ander, Ander, Ianire, Itsaso, Kepa, Laura.

aldiri aldizkaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude