Ildefons Cerdà XIX. mendeko ingeniari katalan bat da, hirigintzaren ulerkera goitik behera irauli zuena. Ez alferrik, hiriak antolatzeko diziplina sasiartistikoa zientziaren mailara lekualdatu zuen. Lan teoriko sakona idazteaz gain (bereziki, 1867ko “Urbanizazioaren teoria orokorra”), Bartzelonaren eraikuntza urteetan gidatu duen hirigintza-plana ere garatu zuen. “Cerdà plana” gisa ezagutzen dena, hain zuzen, 1859ko ekainean onetsi zen, Bartzelona eraberritzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Plan garrantzitsuaren 150. urteurrena 2009. eta 2010. urteen artean bete zen, hortaz, baina ospakizunak ez dira oraindik amaitu, eta, egunotan, martxoaren 12tik 23ra bitartean, “Cerdà efektua. Zabalgune handi eta txikiak” izeneko erakusketa dugu ikusgai EHUren Donostiako Arkitektura Eskolan.
“Cerdà efektua” erakusketa ibiltaria da, UPC unibertsitateko ETSAB arkitektura-eskolako hirigintza-sailak antolatu duena: Donostian izan baino lehen Bartzelonan eta Granadan (Espainia) izan da ikusgai. Erakusketaren helburu nagusia XIX. mendeko zabalgune burgesen sorrera eta gaurkotasuna frogatzea da. Espainiako estatuko 20 hiritako zabalguneak aztertu dira, horien artean Hego Euskal Herriko hiru: Donostiakoa, Bilbokoa eta Iruñekoa.
Zabalguneek gure hirietako erdigunea osatzen dute gaur egun (Bilboko Abando edo Donostiako Erdialdea, esaterako). Baina, eraikitzen hasi zirenean, XIX. mendeko bigarren erdialdean, harresietatik kanpoko lurren zalantzazko kolonizazioa zekarten, eta Cerdàk hiri-eredu argia mahaigaineratu zuen horretarako, ikuspegi formal, ekonomiko, juridiko eta administratibotik. Horregatik, gure hirietako erdigune asko eta asko Cerdàren efektuaren zorpeko dira.
Erakusketa honez gain, Bartzelonatik beste berri bat ere iritsi zaigu egunotan: Manuel de Solà-Morales arkitekto, hirigile eta UPCko irakasle katedraduna zendu da, 73 urte zituela, iragan otsailaren 27an. Gasteizen jaioa, Solà-Morales hiriaren inguruko ikerketa teorikoagatik nabarmendu zen, bereziki hiri-hazkunde moten azterketa tipologikoa eta morfologikoa oinarri zituena, bestelako ikuspegi ekonomiko, sozial eta zientifikoen gainetik. Alegia, arkitekturaren diziplina aldarrikatu zuen, hirian jazotzen diren funtsezko hiru prozesuak (partzelazioa, urbanizazioa eta eraikuntza) aztertzeko eta proiektatzeko orduan.
Solà-Moralesek, kasualitatez edo ez, Cerdà aipatu zuen bere azken artikuluan, heriotzaren hurrengo egunean “Ara” egunkarian argitaratu zena, Bartzelonako Les Glories plazaren karietara. Diagonal, Les Corts eta Meridiana hiribide nagusien elkarguneak, Cerdà planaren arabera, etorkizuneko hiriaren bihotza izan behar zuen, baina bide-ingeniaritzaren atzaparrek eta lorategi erraldoien zaleek desitxuratutako itzelezko zulo ulertezina bilakatu omen da. Hiri-ideia argi eta ukigarria falta ei da, eta, Solà-Moralesen ustez, metropoli handi eta moderno baten espazio nagusiari programa dentsoa legokio. Eta arkitektura ausarta. Cerdàrenaren modukoa.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko martxoaren 17an]