Ricard Font-ek hitzaldia eman zuen atzo Bartzelonako Ingeniaritza Eskolan. Font Kataluniako Generalitateko Garraio eta Mugikortasun sailburua da, eta beste hainbat gauzaz gain, L9 lineaz hitz egin zuen. L9 eraikitze-prozesuan dagoen metro-linea berria da, hiria alderik alde zeharkatuko duena, Badalonatik hasi eta aireporturaino, mendi-magaleko auzoetatik pasatuz.
Horraino, nobedaderik ez. Metroa mugikortasun-arazoei irtenbidea emango dion panazea gisa aurkeztu izan digute azken urteotan, eta daitort, ulertzen dut zaila behar duela izan herritar xeheari esatea ezetz, hori ez zela agian bidea, bestelako estrategia batek akaso fruitu berak eman ditzakeela, baina sos gutxiago xahutuz.
Izan ere, T9aren kostuaren kronologiari errepaso bat ematen badiogu, ikusiko dugu proiektuaren lehen aipua 1994koa dela, eta 300 milioi eurotan zenbakitu zela. Milurteko berrian proiektua martxan jarri zenean, 3.000 milioikoa zen jada aurrekontua, baina El Carmel-eko istripuak 5.000 milioira igo zuen. Hau dela eta bestea dela*, linea berria eraikitzearen kostu totala 8.000 milioikoa izango da, baina, hara non, lan guztia ordaintzeko erabiliko den finantziamendu labirintikoak kopuru hori bikoiztu egingo duen: 16 mila milioi euro, Kataluniak duen defizitaren pareko kopurua.
Ondo bidean, 2044an ordaintzen amaituko duten 16.000.000.000 euro.
*Hau eta beste: metroaren ibilbidea euren herrietatik (eta euren herrietan eurek dioten lekuetatik) pasa dadin presionatzen duten alkateak.