Azken asteotan hitzaldi interesgarriak antolatu dituzte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak zein Kutxa Ekoguneak, nork bere aldetik, lurralde antolakuntzaren garrantziaz jabetu gaitezen. Ez da kasualitatea: Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroen aldaketaren hasierako onespena argitaratzear dago, eta agiri horrek proposatzen digun lurralde eredua zalantzan jartzen duten herritarrak gero eta gehiago dira. Bai kontzientzia ekologikoaren harrak bai krisialdiaren larriak nabarmen handitu dute Euskal Hiria NET deituriko entelekia garapenzalearekiko eszeptizismoa.
Chicagoko Eskolako ekonomialariek soilik ulertzen dituzten eta letra larriz idazten diren izen hanpatsu bezain hutsalen artean (Bikaintasunaren Lurraldea, Eraldaketa Ardatzak, Ekobulebarrak, Ardatz Teknoindustrialak, Berrikuntzaren Arkuak, Nortasun Nodoak), EAEko lurralde osoa, hiritarra zein landatarra, antolatu beharko luketen gidalerro berrituek soilik sei paragrafotan banatutako 178 hitz eskaintzen dizkiote nekazaritzari. Zeren eta ez pentsa proposatutako ekobulebar horietan patatak topatuko ditugunik. Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroen ideologoen ustez Berrikuntza Soziala izango da elikatuko gaituena, laugarren sektore ekonomiko ustez ekintzaile horren menpe antolatu nahi baitute geografia osoa, sukaldean egunero behar-beharrezkoa dugun lehen sektorearen kalterako.
Aipatutako hitzaldietan Pedro Alberdik (EHNE) zein Luis Zaballak (UAGA) ohiko nekazaritza eta abeltzaintza estentsibo, tokiko eta askotarikoa aldarrikatu zuten. Baina Bikaintasunaren Lurraldean kontrakorantz goaz: estentsibo bihurtu duguna lurzoru urbanizatuaren monolaborantza da, eta, hortaz, tomateak landatzeko lurrik ez dagoenez, zaku hidroponikoetan hazten ditugu edo Marokotik ekartzen. Egoera aldrebes horren aurrean sortzen ari dira hainbat kontsumo talde, kalitatezko elikagaiak lortzeko eta eskala txikitik tokiko nekazaritza bultzatzeko asmoarekin. Oso interesgarria, baina ez dezagun eskala handia ahaztu: lurra babestu nahi badugu, hiriek eta azpiegiturek landa-lurrak ito ez ditzaten, gillotinaren moduan goitik behera doan plangintza ofiziala ere aldatu beharko dugu. Eta plangintza hierarkiaren gailurrean Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroak daude.
Horrexegatik defendatu zuen Joseba Arbaiza geografoak nekazaritza estrategikoa dela, haren beharra ezinbestekoa delako lurraldea egokiro kohesionatzeko eta orekatzeko. Lurra ereiten da, biziaren euskarria da, esan zuen Arbaizak, halaber; ez dezagun etekin ekonomiko azkarra eman behar duen zoru soiltzat jo.
Desazkunde DOT taldeko kideek ere parte hartu zuten jardunaldietan, antzerako ondorioak plazaratuz: Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroek ez dute elikagai subiranotasunaren eta baserritarren aldeko pausorik ematen; alderantziz, Euskal Urbe globalak nekazaritza eta abeltzaintza ere deslokalitzatzea proposatzen dute, haien ordez estetikoagoak eta paisajistikoagoak omen diren ekobulebarrak atonduz. Irentsiko al dugu?
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko azaroaren 26an]